Inurri bat
Haur batek inurri bat zaintzen zuen.Sukaldeko leiho-barrenean aurkitu zuen udako bazkaloste batean. Ogi apur eta hauts artean zebilen batetik bestera beretzat handiegia zirudien hazi bat gainean zeramala. Haurra begira geratu zitzaion. Horman arrakala bat zegoen. Harantz zihoala zirudien eta bertatik desagertuko zela pentsatu zuen. Baina ez. Inurriak bueltak eman eta azkenean geratu egin zen; norabidez Continue Reading
Haur batek inurri bat zaintzen zuen.
Sukaldeko leiho-barrenean aurkitu zuen udako bazkaloste batean. Ogi apur eta hauts artean zebilen batetik bestera beretzat handiegia zirudien hazi bat gainean zeramala. Haurra begira geratu zitzaion. Horman arrakala bat zegoen. Harantz zihoala zirudien eta bertatik desagertuko zela pentsatu zuen. Baina ez. Inurriak bueltak eman eta azkenean geratu egin zen; norabidez aldatu eta berriro geratu zen.
-Galduta al zaude? -galdetu zion.
Inurria begira zuela uste izan zuen.
Sukalde barrura bueltatu zen haurra. Aulki batean igo eta armairutik tuper bat hartu zuen. Hau lurrez bete erdiraino, hosto bat sartu eta kontu handiz inurriari ongietorria eman zion bertan. Gau hartan mesanotxean utzi zuen bere ohearen ondoan.
Hurrengo goizean bizkotxo apur bat eraman zion. Koilaratxo batekin ur tanta bat. Krabelin lore-hosto txikitxo bat.
Arratsaldero eskolatik bueltan egiten zuen lehenengo gauza tuperrean begiratzea zen.
Inurria beti zegoen lanpetuta.
Uzten zion ogi apurra handia bazen txiki utzi arte koska egiten zion. Harritxo bat mugituz gero, inurriak bere lekura bueltatzen zuen. Inoiz ez zuen atsedenik hartzen.
Haurrak izena jarri zion.
Haizea.
Hitz egiten hasi zitzaion.
Inori kontatzen ez zizkion gauzak esaten zizkion inurriari. Eskolan mantso irakurtzen zuenean barre egiten ziotela. Ez zuela handia izan nahi, guztiek nekatu itxura zutelako.
Haizea, inurria, lanean jarraitzen zuen hitz egiten zion bitartean.
Eta haurrari hura erantzun bat zela iruditzen zitzaion.
Behin etxe hobea merezi zuela erabaki zuen.
Zapata kaxa bat. Tunelak egin zituen komuneko paperaren kartoitxoekin. Lur hezea. Eta adartxoak.
Etxe berrira eraman nahi izan zuenean inurriak ihes egin zuen.
Mesanotxetik behera ikusi zuen, zorua zeharkatu eta hormara.
Haurra atzetik jarraitu zion.
Harrapatu ahal zuen. Eskua aurrean jartzea nahikoa zen.
Baina ez zuen egin.
Inurriak zirrikitu batetik desagertu zen.
Haurra lurrean eseri eta burumakur pentsatu zuen: hainbeste zaindu ihes egiten amaitzeko?
Agian, ordea, inurriak inoiz ez zuen behar izan inork bera zaintzea.
Pentsatu zuen agian aste haiek guztiak han egon bazen ez zela izan gustura zegoelako, ihesbiderik aurkitu ez zuelako baizik.
Arratsaldean ogi apur handi bat utzi zuen leiho-barrenean.
Hurrengo goizean ez zegoen han.
Agian haizeak eraman zuen.













