Ostegunean
Lehen aldiz esan zuenean, inork ez zion jaramonik egin. Urteak zeramatzan berdina esaten. -Ostegunean joango naiz. Baina ostegun hori ez zen inoiz iristen. Egoitzan ohituta zeuden Xantiren iragarpenera. Berriketarako aitzakia ere bazen. Batek esaten zuen Mutrikura itzuliko zela han berriro patroi lanetan hasi eta baleak harrapatzera joango zela; beste batek banku bat lapurtzera zihoala; hirugarren Continue Reading
Lehen aldiz esan zuenean, inork ez zion jaramonik egin. Urteak zeramatzan berdina esaten.
-Ostegunean joango naiz.
Baina ostegun hori ez zen inoiz iristen. Egoitzan ohituta zeuden Xantiren iragarpenera. Berriketarako aitzakia ere bazen. Batek esaten zuen Mutrikura itzuliko zela han berriro patroi lanetan hasi eta baleak harrapatzera joango zela; beste batek banku bat lapurtzera zihoala; hirugarren batek Greta Garborekin zita erromantiko bat zuela. Adin batera iritsita irudimenak baimena eskatzeari uzten dio.
-Ostegunean joango naiz, gosaldu ondoren.
Laurogeita zortzi urte zituen, pauso motelarekin zebilen. Arrantzale izandakoa zen Xanti, eta eskuetan zituen zimur eta arrakala bakoitzak bazuen bizipen bat. Arratsaldero bat kontatzen zion lorategiko aulkian Ikerri euliak kontatzen zituzten bitartean. Iker 25 urteko mutila zen. Down sindromea zuen eta egoitzan egiten zuen lan.
-Ostegunean joango naiz.
-Bihar?
-Gauza bat ikusi behar dut. Beranduegi izan baino lehen. Inork ez daki.
Ikerrek belarrira xuxurlatu zion.
-Nik bai.
Xanti harritu egin zen. Honek ere belarrira xuxurlatu zion.
-Zer dakizu zuk?
Ikerrek memoria bitxia zuen. Izenak ahazten zituen baina esaldiak ez.
-Duela hilabete kontatu zenidan. Hementxe. Tximeletak kontatzen ari ginen orduan.
Arratsalde batean kontatu zion ahaztuko zitzaiolakoan.
-Oraindik ez zaizu ahaztu?
-Askotan gauzak ahaztu nahi ditut, baina ezin dut. Buruan gauza asko kabitzen direla badakizu?
-Ba ostegunean joango naiz!
-Eta ni zurekin! Motxila handia ala txikia?
-Zergatik etorri nahi duzu?
-Bien artean bat osatzen dugulako!
Barrez hasi zen. Xanti ere kutsatu eta barrez hasi zen. Barre zahar eta garbi bat.
Eta osteguna iritsi zen. Eta ostegun horretan ba, ihes egin zuen, eta Iker berekin.
Ez zen ihesaldi ikusgarria izan. Ate nagusitik. Pentsatu bezala, gosariaren ondoren eta txanda aldaketan. Ikerrek motxila zeraman. Barruan ur botila handi bat, bi mandarina, bi madalena eta seguruna behar izango ez zuen aterkia.
Xantik jakaren poltsikotik gosarian lapurtutako gaileta mordoxka bat.
Bi autobus hartu behar izan zituzten. Ondoren oinez. Aldapa txiki bat zen belar artean. Belar altua zen. Belaunerainokoa.
-Ziur hemendik dela?
-Niri ere ez zaizkit gauzak ahazten.
Muino zabal batera iritsi ziren.
Han ez zegoen ezer.
Harriak, haizea eta egurrezko banku ustel bat.
Ikerrek ingurura begiratu zuen.
Xanti bankuan eseri zen.
-Hemen da?
-Bai.
Iker bere ondoan eseri zen. Bankuak karraska egin zuen. Iker kolpean zutitu zen.
-Lasai, Iker, eutsiko dio.
Itxaron egin zuten.
Hamar minutu.
Ordu erdi.
Ikerrek alde guztietara begiratzen zuen. Isilik. Harrituta. “Gizon hau nahastu da” pentsatu zuen bere baitan.
Ez zen ezer gertatu.
Haizeak berdin jarraitu zuen.
Hodeiek berdin.
Munduak berdin.
Xantik irribarre egin zuen orduan.
-Kito!
Ikerrek kopeta zimurtu zuen.
-Kito?
Xanti itsasoa mozten zuen hortz-mugara begira zegoen.
-Duela hirurogei urte emaztea zenarekin etorri nintzen hona erosi berria genuen itsasontzia ikustera. Urtero itzuliko ginela agindu genion elkarri.
Isildu egin zen.
-Berak etortzeari utzi zion.
-Zer ba?
-Pertsona onenek goizegi uzten dute mundu hau. Ordutik ez naiz itzuli.
Arnasa sakon hartu zuen.
-Hogeita hamar urte pasa dira.
Ikerrek ez zuen ezer esan.
-Hamaiketakoa egingo al dugu?
Ikerrek motxila barrukoa atera zuen banku gainera.
-Uste nuen zerbait aurkituko nuela hemen. Seinaleren bat.
Ikerri begiratu zion.
-Eta konturatu naiz lekua hemen jarraitzen zuela jakin nahi nuela bakarrik, nire zain.
Iker pentsakor geratu zen. Xantik gallera bat eskaini zion.
-Ba eskerrak etorri zaren.
-Zergatik?
-Bestela zalantzarekin jarraituko zenuelako.
Xantik ere gaileta bati koxk egin zion.
-Eta orain?
Xantik irribarre egin zuen.
-Hamaiketakoa bukatu eta buelta!
-Eta haserretzen badira?
-Pasako zaie.
Abiatu egin ziren.
-Beste batean etorriko gara berriro?
-Zuk etorri nahi duzu?
-Bale.
Beherako bidean Xantik besoa sorbaldatik pasa zion.
-Badakizu? Bien artean ez dugu bat osoa osatzen, bat eta erdi!
Poliki jarraitu zuten maldan behera elkarren artean sekretu bat zuten bi pertsonen moduan.













