Tratua
Behi txikia zen. Gaztea ere bai, baina txikia. Batez ere Margariren ondoan jartzen zenean. Haztea ahaztu zitzaion txahal baten itxura zuen. Margari, berriz, ikaragarri handia zen. Bizkar zabala zeukan. Ibiltzean batetik bestera kulunkatzen zitzaion sabela. Burua ere handia. Eta lasaia. Oso lasaia. Aspaldian onartua balu bezala, bizitzan gauza gehiegi gertatzen direla guztiez kezkatzen ibiltzeko. Txikiari Continue Reading
Behi txikia zen.
Gaztea ere bai, baina txikia. Batez ere Margariren ondoan jartzen zenean. Haztea ahaztu zitzaion txahal baten itxura zuen.
Margari, berriz, ikaragarri handia zen.
Bizkar zabala zeukan. Ibiltzean batetik bestera kulunkatzen zitzaion sabela. Burua ere handia. Eta lasaia. Oso lasaia. Aspaldian onartua balu bezala, bizitzan gauza gehiegi gertatzen direla guztiez kezkatzen ibiltzeko.
Txikiari Pintta esaten zioten, eta bere bizitzako lehen udan gauza garrantzitsu bat deskubritu zuen:
Margarik itzala ematen zuen.
Ez asko, baina beretzat nahikoa.
Goizean goiz, eguzkia ukuilu atzetik azaltzen zenean, Pintta haren ezkerrean jartzen zen; eguerdian sabel azpiko txokoa bilatzen zuen; arratsean beste aldera igarotzen zen.
Hain ikasia zuen sistema, ez baitzuen eguzkia une oro non zegoen begiratu beharrik.
Margarik begiratu egiten zion. Lasai.
Honek bi pauso ematen bazituen, Pinttak beste bi.
Margari askara joaten bazen, Pinttak ere edan egiten zuen.
Etzaten bazen, Pinttak segundo batzuk itxaron, itzala non eroriko zen kalkulatu, eta hantxe etzaten zen.
Gainerako behiak konturatzen hasi ziren. Ez zieten begirik gainetik kentzen.
-Txiki bihurri hori! Azkarra da gero! -marru egin zuen batek.
-Azkarra? Alferra esango nuke nik.
Pinttak marmarrak entzun egiten zituen. Gustura. Ez zuen kontraesanik ikusten. Azkarra, alferra…
Kontua zen Margari ere konturatzen hasi zela.
Hasieran ez zuen ezer egin. Lasai jarraitu zuen, berera, bazkatzen, adardun txiki hura albo-alboan itsatsita zerabilela.
Halako batean, arratsalde batez, zerbait probatzea bururatu zitzaion.
Belar gutxi zegoen zelai bazter lehor batera joan zen.
Pintta atzetik.
Margarik han zeuden lau belar ihar bakarrak jan zituen, eta aurrera egin beharrean, hantxe geratu zen geldi.
Pintta ere bai.
Minutu bat.
Bi.
Margarik beste pixka bat itxaron zuen. Pinttak ez zuen belar gozoa zegoen aldera begiratu ere egin. Haren saihetsaren kontra jarrita jarraitzen zuen.
Orduan ulertu zuen Margarik.
Margari belar gozoa zegoen larrera itzuli zen. Poliki-poliki.
Pintta ere bai.
Handik aurrera etorri zen tratua.
Euliak Margariren begi inguruan pilatzen zirenean, Pinttak buztanarekin uxatzen zizkion.
Trukean, Margarik behar baino pixka bat denbora gehiago ematen zuen itzala goxoen erortzen zen lekuetan.
Ez zuten sekula kontu hartaz hitz egin.
Ez zegoen beharrik.
Beste behiek gero eta harridura handiagoz begiratzen zieten.
-Hori da abusua! Txiki horrek ez dauka barkaziorik!
-Zuk uste? Margari ikusten dut nik probetxu gehiago ateratzen duela.
Hirugarren batek hausnartzeari utzi zion.
-Ba nik ez dakit zeinek engainatzen duen zein.
Halaxe igaro zuten uda osoa.
Iraila etorri zen.
Gero urria.
Eguzkia indarra galtzen hasi zen, eta arratsaldeak gero eta motzagoak ziren.
Goiz batean, eguna zerua lainoz erabat estalita zuela esnatu zen.
Ez zegoen eguzki printza bakar bat ere zelai osoan.
Margari, ukuilutik atera, belardiaren erdira joan eta bazkatzen hasi zen.
Pintta ziztu bizian etorri zen haren ondora.
Margarik bi pauso eman zituen aurrera.
Pinttak beste bi.
Margarik Pinttari begiratu zion.
Pinttak Margariri.
Margarik burua altxatu zuen poliki-poliki.
-Pintta!
-Zer?
-Gaur ez dago eguzkirik.
Pinttak gora begiratu zuen.
Egia zen.
-Non demontre ezkutatu da gaur?
Margariri begiratu eta haren saihetsaren kontra jarri zen berriro, pega-pega eginda.
-Pintta! Eguzkirik ez badago, zer egiten duzu hemen?
Pinttak segundo batzuk behar izan zituen erantzuteko.
-Badaezpada.
-Badaezpada?
-Ba… berriro agertzen bada ere!
Margarik begiratu egin zion.
Gero burua makurtu eta bazkatzen jarraitu zuen.
Pinttak ere bai.













