Zenbat irauten du maitasunak?
Zenbat irauten du maitasunak? Galdera hori egiten zion bere buruari neska amaren taberna aurretik pasatzen ikusten zuen bakoitzean. Hasieran, aste batzuk izango zirela pentsatu zuen. Gero, hilabete batzuk. Hamazazpi urte bete zituenerako, ordea, kontuak gaizki atera zitzaizkiola susmatzen hasi zen. Neska ia egunero pasatzen zen bostak eta hogeian. Batzuetan, bostak eta laurdenean. Ostiraletan, beranduxeago. Larunbatetan, Continue Reading
Zenbat irauten du maitasunak?
Galdera hori egiten zion bere buruari neska amaren taberna aurretik pasatzen ikusten zuen bakoitzean.
Hasieran, aste batzuk izango zirela pentsatu zuen.
Gero, hilabete batzuk.
Hamazazpi urte bete zituenerako, ordea, kontuak gaizki atera zitzaizkiola susmatzen hasi zen.
Neska ia egunero pasatzen zen bostak eta hogeian.
Batzuetan, bostak eta laurdenean.
Ostiraletan, beranduxeago.
Larunbatetan, sekula ez.
Eta larunbateko hutsune hura injustizia moduko bat iruditzen zitzaion. Ez zekien zehazki zergatik, baina injustizia.
Haren ordutegiak autobusenak baino hobeto zekizkien.
-Mahaiak horren ondo zainduko bazenitu… -esaten zion amak.
Berak edalontziak lehortzen ari zenarena egiten zuen.
Tabernak kalera ematen zuen leiho handi bat zeukan. Formikazko lau mahai. Eta ate ondoan, makina txanponjale bat, hiru fruta berdin ateratzen ziren bakoitzean musika jasanezin bat jotzen hasten zena.
Barraren atzetik ikusten zuen neska plazaren beste aldean agertzen.
Farmaziaren aurretik pasatzen zen.
Egurrezko bankua saihesten zuen.
Kantoian desagertzen zen.
Hamabi segundo.
Hogei, semaforoak gorri harrapatzen bazuen.
Eternitate bat barrura begiratzen bazuen.
Amaia zuen izena.
Institutu berean zebiltzalako zekien, nahiz eta sekula gela berean egon ez.
Bazekien lau kale gorago bizi zela.
Bazekien karpeta urdin bat eramaten zuela, errotuladore beltzez idatzitako musika taldeen izenez beteta.
Bazekien euria egiten zuenean ez zuela aterkirik eramaten.
Eta bazekien, halaber, asteazkenetan pipak erosten zituela kioskoan.
Ez zekien ordea, zer musika gustatzen zitzaion.
Ez zekien zer ikasi nahi zuen.
Ez zekien anai-arrebarik ba ote zuen.
Ez zekien Amaiak bere izena ba ote zekien ere.
Baina maiteminduta zegoen. Leporaino maiteminduta.
Horretan ez zeukan zalantzarik.
Hamazazpi urterekin erraza da gauza batzuez ziur egotea. Gero ikusi behar.
Ama ere konturatu zen.
Arratsalde batean, botilak hozkailuan jartzen ari zela, amak kalera begiratu zuen.
-Hor dator.
Burua azkarregi altxatu eta leihoaren bazterrarekin jo zuen.
-Nor?
-Autobusa.
Ez zegoen autobusik.
Ama botilak hozkailuan jartzen jarraitu zuen. Ezpain ertzean irribarre txiki bat zuela.
-Ergela zara gero!
-Ni?
-Neska, hor doala!!
Ez zuen berriro gaia aipatu.
Ez zen beharrezkoa.
Amaia tabernan sartu zen arratsalde hura iritsi zen arte.
Atea bultzatzen ikusi zuen.
Eta, une batez, ez zuen jakin eskuak zertarako ziren.
Amaia zuzen etorri zitzaion.
-Edalontzi bat ur, mesedez?
Hori izan zen dena.
Edalontzi bat ur.
Edalontzia hartu zuen. Txorrota ireki. Eta goraino bete zuen.
Goraino baino gehiago.
Barraren gainean uztean, ura kanpora isuri zen.
-Barkatu.
Amaiak irribarre egin zuen.
-Berdin dio.
Edaten hasi zen.
Berak zerbait esan behar zuela pentsatu zuen.
Edozer.
“Bero egiten du”.
Ergela.
“Egarri zinen?”
Begien bistakoa.
“Beste bat nahi duzu?”
Etsigarria.
Ez zuen ezer esan.
Amaiak edalontzia utzi zuen.
-Eskerrik asko.
-Ez horregatik.
Horixe izan zen dena.
Amak tabernako atea itxi zen arte itxaron zuen.
-Ikusgarria!
-Zer?
-Zure konkista teknika!
-Zer teknika?
-Neskak konkistatzekoa!
Urte askotan, horixe izan zen Amaiarekin izan zuen amodio guztia.
Edalontzi bat ur.
Hemezortzi urterekin, Amaiak handik pasatzen jarraitu zuen.
Baina egun batetik bestera egunero ikusteari utzi zion.
Orduan jakin zuen sekula zurea izan ez den zerbaiten falta ere suma daitekeela.
Hemeretzi urterekin, Amaia ez zen gehiago agertu.
Lehenengo, ordutegia aldatu izango zuela pentsatu zuen.
Gero, gaixorik egongo zela.
Azkenean galdetu egin zuen.
Axola ez balitzaio bezala.
Gehiegi axola zaizkigun gauzak galdetzen ditugun moduan.
Norbaitek esan zion kanpora joana zela ikastera.
Arratsalde hartan beste gauza bat ikasi zuen:
Kale bat hutsik gera daitekeela jendez gainezka egonda ere.
Baina bizitzak aurrera jarraitu zuen.
Lan egin zuen.
Lagun berriak egin.
Marta izeneko neska-laguna izan zuen.
Martak futbola gorroto zuen.
Hamar hilabete.
Ane etorri zen.
Anek futbola gehiegi maite zuen.
Sei hilabete.
Amak kontuak eramaten zizkion.
-Hobetzen ari zara.
-Zertan?
-Gero eta hobeto aukeratzen duzu… gaizki!
Hogeita bost urterekin herritik alde egin zuen.
Hogeita hamar urterekin bueltan zen.
Ezkondu egin zen.
Alaba bat izan zuen.
Eta gauza batzuk ikasi zituen.
Esate baterako, lorik egin gabeko gau batek nerabezaro osoak baino gehiago iraun dezakeela.
Hiru kiloko haur bat besoetan hartzeak neska bati maite duzula esateak baino beldur handiagoa ematen duela.
Tarteka Amaiaz gogoratzen zen.
Gero eta gutxiago.
Ezkontzak hamabost urte iraun zuen.
Amaitu zenean, taberna gaineko etxera itzuli zen.
“Denbora baterako”, esan zuen.
-Ez ezer galdetu -esan zion amari.
-Ez nuen ezer galdetzeko asmorik.
-Ados.
-Zure logelak berdin jarraitzen du. Maindireek loreak dituzte. Bilobarentzat prestatu nituen.
-Ama…
-Ez dizkiot maindire berriak erosiko dibortziatu bati.
Ia bi urte zeramatzan han eta bitarte horretan ama zahartu egin zen.
Ez zen egun batetik bestera gertatu.
Horrelako gauzak ez dira inoiz egun batetik bestera gertatzen.
Lehenengo garagardo kaxak biltegitik igotzeari utzi zion.
Gero, bezero bati kasu egin ondoren nekeagatik eseri beharra izaten hasi zen.
Eskailerak igo aurretik barraren ertzean eskua jarri eta segundo batzuk egoten zen, arnasa hartzen. Lehen ez zuen halakorik egiten.
Azkenean tabernara jaisteari utzi zion.
Lehenengo, arratsaldeetan
Ondoren, igandeetan.
Arratsalde batean giltzak barraren gainean utzi zituen.
-Orain zurea da.
-Zurea da.
-Orduan bada garaia alokairua ordaintzen hasteko.
Gauza batzuk aldatu zituen.
Makina txanponjalea kendu zuen.
Hormak margotu.
Kafe-makina berria erosi.
Formikazko mahaiak kendu eta beste berri modernoago batzuk jarri zituen.
Amak modernoegiak zirela esan zion edalontziak gainean jartzeko.
Leihoa ordea, ez zuen ukitu.
Handik dena lehengo tokian ikusten zen.
Farmazia.
Bankua.
Kantoia.
Semaforoa.
Eta Amaia?
Amaia ere agertzen zitzaion noizean behin.
Baina ez lehen bezala.
Kantu zaharrak etortzen diren modura etortzen zitzaion burura.
Ez dakizu noiz entzun zenuen lehen aldiz.
Ez dakizu zenbat urte daramatzun entzun gabe.
Baina lehen notak jotzen direnean, gorputzak badaki.
Batzuetan norbaitek Amaia izena esaten zuen, eta karpeta urdin bat ikusten zuen.
Edo neska bat plaza zeharkatzen euripean, aterkirik gabe.
Eta orduan institutura itzultzen zen.
Bostak eta hogei.
Edalontzia.
Ura barraren gainean.
Eta, noizean behin, galdera hura.
Zenbat irauten du maitasunak?
Berrogeita hamasei urterekin erantzuna aurkitu zuela pentsatu zuen.
Asteartea zen.
Hiru bezero zeuden tabernan.
Antonio egunkaria irakurtzen ari zen. Irakurri edo. Azken hogei minutuetan orrialde berean zeraman.
Bi igeltsero eztabaidan ari ziren erronda nork ordaindu behar zuen.
Kafe-makinak lurruna botatzen zuen.
Botila batzuk bere lekuan kokatzen ari zen, burua altxatu zuenean.
Emakume bat pasatu zen leihoaren aurretik.
Ez zion kasurik egin.
Emakumea gelditu zen arte.
Bi pauso atzera egin zituen.
Barrura begiratu.
Eta berak, ezagutu baino lehen, zerbait sentitu zuen.
Kolpe txiki bat bularrean.
Emakumeak atea ireki zuen.
Ilea motzagoa zuen.
Ile urdindu batzuk.
Betaurrekoak.
Zimur eder batzuk begien inguruan.
Une batez, karpeta urdineko neska bilatu zuen emakume haren aurpegian.
Ez zitzaion zaila egin.
Amaia.
Ate ondoan geratu zen.
-Zu zara…?
Bere izena esan zuen.
Amaiak irribarre egin zuen.
-Banekien zu zinela.
Eta hitz haiek zerbait mugitu zioten barruan.
Ez zekien zer.
-Kafe bat?
-Bai.
Ia galdetu zion ura nahiago ote zuen.
Baina ez.
Hizketan hasi ziren.
Hasieran, berrogei urte hogei minututan sartzen saiatzen direnen presa zentzugabearekin.
Amaia hiru hiritan bizi izan zen.
Ezkondu egin zen.
Bi seme-alaba izan zituen.
Bera ere aspaldi dibortziatu zen.
Aita gaixo zegoelako itzulia zen herrira.
Berak ere bere bizitzako gauza batzuk kontatu zizkion.
Batzuk.
Ez denak.
Amaiak ere ez.
Institutuaz hitz egin zuten.
Hildako irakasleez.
Gizendutako ikaskideez.
Eta naturaren lege guztien aurka, oraindik ilea zuten haietaz.
Amaiak begiratu zion.
-Zu ere ez zaude hain gaizki.
Berak eskua burura eraman zuen.
-Eskerrik asko “hain” horrengatik!
Amaiak barre egin zuen.
Eta segundo batez bostak eta hogeiak ziren berriro.
-Asko pasatzen zinen hemendik.
Amaiak leihora begiratu zuen.
-Etxera joateko bidea zen.
-Ia egunero.
-Egunero itzultzen bainintzen etxera.
Barre egin zuten biek.
-Horretaz gogoratzen zara? -galdetu zion Amaiak.
-Oroimen ona daukat tontakerietarako.
Amaiak begirada eutsi zion.
-Orduan gauza askotaz gogoratuko zara.
Bere maitasuna aitortzeko zorian egon zen.
Karpeta urdina.
Asteazkenetako pipak.
Euria eta aterkirik ez.
Semaforoa.
Hamabi segundo.
Dena.
Baina hau besterik ez zuen esan.
-Behin tabernan sartu eta ura eskatu zenidan.
Amaiak bekokia zimurtu zuen.
-Hemen?
-Hemen.
-Nik?
-Zuk.
Amaia isilik geratu zen.
Oroitzapenaren bila zebilela zirudien.
-Ez naiz gogoratzen.
Berak zerbait sentitzea espero zuen.
Mina agian.
Tristura.
Desilusioa.
Zerbait.
Baina ez zen ezer etorri.
Eta horrek harritu zuen gehien.
Amaiak kafea amaitu eta erlojuari begiratu zion.
-Joan egin behar dut.
-Bai.
Txanpon-zorroan begira hasi zen.
-Etxearen kontura.
-Ezta pentsatu ere.
-Amaia.
-Mila esker, ba.
-Hurrengoan zuk gonbidatuko nauzu.
Hurrengoan.
Hamazazpi urterekin hitz haiek astebetez lorik gabe utziko zuketen.
Oraingoan irribarre egin zuen.
-Ados.
Amaiak berokia jantzi zuen.
Irteteko atea ireki aurretik, atzera begiratu zuen.
-Pozten nau zu ikusi izanaz.
-Ni ere bai.
Eta egia zen.
Leihoaren aurretik pasatzen ikusi zuen.
Farmazia ondotik.
Bankua inguratuz.
Kantoiraino.
Hamabi segundo.
Ama negu hartan hil zen.
Hori ere ez zen bat-batean gertatu.
Lehenengo kafesnea hartzera jaisteari utzi zion.
Gero, eguneko kutxaz galdetzeari.
Eta azkenik, edalontziak gainean jartzeko modernoegiak ziren mahai haiengatik kexatzeari.
Hilabete batzuk geroago, biltegiko kaxak husten ari zela, edalontzi zahar bat aurkitu zuen.
Garai bateko edalontzi lodi haietako bat.
Hamazazpi urte zituen garaikoa.
Esku artean hartu zuen.
Amaiaz pentsatu zuen.
Une batez.
Besterik ez.
Gero mutila ikusi zuen.
Argala.
Baldarra.
Ile gehiagorekin.
Barra beraren atzean.
Neska bat ura edaten ari zen bitartean, munduko gauzarik adimentsuena esan nahian.
Eta ezer esan gabe.
Edalontzia barraren gainean utzi zuen.
Orduan amaren ahotsa entzun zuela iruditu zitzaion.
-Mahaiak horren ondo zainduko bazenitu…
Irribarre egin zuen.
Pertsiana igo zuen.
Plaza azaldu zen kristalaren beste aldean.
Farmazia.
Bankua.
Kantoia.
Erlojuari begiratu zion.
Bostak eta hogei.
Eta ohituraz, kantoira begiratu zuen.
Ez zetorren inor.
Segundo batzuk eman zituen begira.
Hamabi, agian.
Gero ahots bat entzun zuen bizkarrean.
-Bi kafe, mesedez?
Buelta eman zuen.
-Berehala.













