Gabiriako taldeak irabazi du Atera-n, ziklo bat itxiz
Herri arteko Atera bertso lehiaketaren 2007ko ekitaldiaren aitzakian hasi ziren gabiriar gazteak bertsotan. Ostiralean, zazpi urteren buruan, bigarren edizioaren finala irabazi dute Zaldibian, Urretxurekin arituta.Atera lehiaketaren lehenengo alditik b...
Herri arteko Atera bertso lehiaketaren 2007ko ekitaldiaren aitzakian hasi ziren gabiriar gazteak bertsotan. Ostiralean, zazpi urteren buruan, bigarren edizioaren finala irabazi dute Zaldibian, Urretxurekin arituta.
Atera lehiaketaren lehenengo alditik bigarrenera igaro diren zazpi urte horietan, astero-astero elkartu izan da Gabiriako lagun talde bat; zekitenengandik bertsotan ikasteko aurrena, eta jardunaren jardunez trebatzeko gero. Hasteko behar zuten txinparta ateratzeko lehenengoan, eta urteotan ikasitakoa jende aurrera ateratzeko bigarrenean, ziklo bat osatu dute. Bai gabiriar bertsolari gazteek, bai Atera-k.Zaldibiako antzokiko aretoa jendez beteta zela jokatu zen finala, ostiral gauean. Gazte jendea zen entzuleen artean gehiena. Urretxu2 taldeko Gorka Ojanguren, Maialen Akizu eta Beñat Torres, eta Gabiri2-ko Mikel Asurabarrena, Gorka Maiz eta Jokin Murua jardun ziren, Joxi Irastortzaren esanetara. Finalera iritsi ez diren gainontzeko bederatzi taldeetako kideak izan ziren epaile. Gabiri2 taldea izendatu zuten txapeldun.
Mexikar kapela bana jantzi zien Aitor Irastortza zaldibiar bertsolariak irabazleei. Ofizialtasunik ez du Atera lehiaketak, eta ofizialkerietan erortzeko asmorik ere ez. Urretxuko txapeldunordeei, berriz, aretoaren atzetik ere ikusten zen domina tzarrak kolkotik zintzilikatu zizkien Gemma Urteaga beasaindarrak.
Bertsoa plazara eta taberna girora ateratzeko eginahalean, umoreari, parte hartzeari eta bertsotan hasteko ausardiari eman nahi diote indarra Atera-ren antolatzaileek.
Finalera iritsi diren sei bertsolariek, hori bai, bertso maila ere ez dutela nolanahikoa erakutsi zuten. Saio bizia egin zuten, ateraldi barregarriekin eta sakonekin zipriztindua. Irristada batzuk tarteko, edozein egoeratan eta bat-batean kantatzeko gai direla argi geratu zen. Baita final batean ere, ofizial kutsu oro kenduta ere, finala izan baitzen.
Parte hartzeko deia
Urretxuarrek ekin zioten kantuari, aurrez prestatutako agurrekin. Puntuagarriak ziren horiek ere. Atera-ko kanporaketetan lehiakide izan diren taldeak izan zituzten hizpide, herriz herriko errepasoa joz. «Baina guztiok batera / hau nola degun Atera./Hemen edozein irtetzen da / bertsoak kantatzera», abestu zuten Akizuk, Torresek eta Ojangurenek, errepikan.
Ohiko adarjotzetik aldenduz, gabiriarrek ere mezu bateratzailea eta parte-hartzailea bidali zuten, lehen agurrean. «Goierri bertsozale / ta hamaika talde bakarrik. /Zuek hona igo arte / ez degu moztuko bizarrik», zioten.
Zortziko txikian eta handian ofiziotan, eta kopletan binaka aritu ziren. Hartu-eman azkarrak eta erantzun arrazoitsuak izan ziren ariketa horietan. Akizu eta Asurabarrena luzitu egin ziren Habanera doinuan bertsoa osatzeko lanean; batek besteari oinak eman zizkion, lehiakidea kantuan aurrera zihoan adinean. Koherentzia handiz osatu zituzten bertso bana, eta asko txalotu zituen publikoak.
Kartzelakoan, puntuei erantzutea, azken aurreko puntua emanda bertsoa osatzea, eta objektu bati (artaburua jarri zieten) kantatzea ziren ariketak.
Ostegunetako kuadrillari
Bertsolariek gustura bukatu zuten finala, norbere lanarekin kritikoago edo asebeteago bakoitza. Gabiriarrek, ostegunero elkartzen den taldeko kideak izan zituzten gogoan. «Atera-ri esker hasi ginen elkartzen, bertsotarako. Gabiriako taldetxo bat bildu ginen, eta jende horri eskaintzen diogu txapela. Euxebio Igartzabali ere bai tartean, hor aritzen delako gurekin, ostegunero».
Urretxukoek ere gustura parte hartu dutela azaldu dute, estreinakoz Goierriren behealdean. «Jendea tentatuta gelditu da, eta bere helburuak bete ditu Aterak», zioen Akizuk. Ojangurenen iritziz, goialdeko eta behealdeko gazteek elkar ezagutzeko balioko du, harremana sortze aldera.
Zazpi urte behar izan ditu Atera-k eratze prozesua borobiltzeko. Baina hasiera-hasierako ereinaldia fruitua ematen hasi da.