Irrika artistikoei bide, eskuekin
Igandera arte dago ikusgai Buztingintzako kideen ikasturte amaierako erakusketa, 18:00etatik 20:00etara, Usurbe Antzokian.
Buztingintza elkarteko bazkideetako batzuk eta alkatea, joan den ostiralean, erakusketa aretoan. Hitza Urainen gidaritzapean eta hark jarritako gaiak edo lanketa proposamenak ardatz hartuta –izan esmaltea, gorputzak, aurpegiak, raku teknika…– norberaren erritmoaren, gustuaren edota abileziaren araberako lanak sortzen dituzte kideek. Astean bi orduko saioa eskaintzen dizkio irakasleak bazkide talde bakoitzari, bi saiotan banatuta, eta ikasleek haien sormena eta irudimena askatzen dute eskuak eta buztina erabilita. Adierazpen artistikoa garatzeko asmoak batuta, askotariko adin eta profiletako lagunek osatzen dute elkartea.
Eskola saioetan ez ezik, bazkideek nahi dutenean erabil dezakete Urbieta arte plastikoen zentroan duten tailerra eskuekin pultsio artistikoei bide emateko. Horrez gain, urtero bazkide ez direnentzako ikastaroa eskaintzen dute bi hilabetez irailetik azarora bitartean, zeramikaren mundura gerturatzeko aukera emanez.
Ikasturte amaierako erakusketa bazkideen lanez osatuta dago. Abendutik ekainera bitartean landutakoa jendaurrean jarri dute beste behin. Ikasturte honetan paretetako mural edo zintzilikarioak, aurpegia modelatzea, simetria eza duten piezak –kaikuak nagusi– eta plater esmaltatuak landu dituzte. Naiara Garmendia elkarteko lehendakariak azaldu duenez, «oso emankorra» izan da egindako lanketa: «Norberaren nortasuna islatu ahal izan dugu».
Elkarteko hogei bat bazkide gerturatu ziren joan den ostiraleko irekiera ekitaldira, baita Leire Artola alkatea ere. Igandera arte egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara.
Datorren ikasturtean tailerra lekuz aldatuko dute, labe berri batekin. Urbietan bertan egongo da, beheko solairuan.













