VIII. Goilurrak Rallya jokatuko da bihar Urola Kostan eta Goierrin
Autoen egiaztapenak gaur egingo dituzte Azkoitian, 16:00etan. 57 autok parte hartuko dute aurtengo rallyan.
VIII. Goilurrak Rallyaren aurkezpena Lazkaon asteazkenean. Manex Usarralde Urola Kostako eta Goierriko errepideetan, VIII. Goilurrak Rallya jokatuko da bihar, Lazkaoko Ikullu Razing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek antolatuta. Asteazkenean aurkeztu zuten ekimena Lazkaoko Malantza tabernaren aurrean.
Biharko probaren aurretik, dena den, autoen egiaztapenak gaur, 16:00etatik aurrera, Azkoitian egingo dituztela adierazi dute antolatzaileek, «irteera-ekitaldiarekin» batera.
VIII. Goilurrak Rallyaren aurtengo proban 57 auto ariko dira lehian. Goierriko pilotuei eta kopilotuei erreparatuz, partaidetza zabala izango dela aurreratu dute: Mikel Nazabal zaldibiarra eta Patxi Altuna Lazkaomendikoa; Xiker Aierza urretxuarra eta Guillermo Lasa legazpiarra; Lucia Duran zaldibiarra; Gaizka eta Ekhi Mendizabal zaldibiarrak; Ibai Mujika eta Miren Fernandez urretxuarrak; Ruben Zabaleta zegamarra eta Mikel Madina legazpiarra; Eñaut eta Endika Igarzabal gabiriarrak; Alberto Marcos urretxuarra eta Garazi Beitia zumarragarra; Xabat Goikoetxea Aztiriakoa eta Mikel Iturrioz ezkiotarra; Josu Lazkanoiturburu zeraindarra eta Eneko Gomez lazkaotarra.
Urola Kostako bideetan hasi
Larunbatean 08:00etan izango da autoen irteera Lazkaoko Zubierreka industrialdetik Errezilera. Zubierrekan egongo baita autoen asistentzia gunea. Lau ibilbide egongo dira eta bakoitza bi aldiz egingo dute parte-hartzaileek, horrela denera zortzi kronometratutako ibilbide osatuko dituzte.
Lehenengoa Errezilen 08:40ean hasiko da, eta 7,44 km-ko distantzia izango du. Bigarrena, berriz, Zestoatik Endoia bidean izango da 09:10ean, eta 14,58 km-ko luzera izango du. Azkoitiko Oteiza frontoian autoen berrantolatzea egingo da, eta jarraian, guztiak Zubierrekako asistentzia gunera joango dira 10:40etarako.
Hirugarren eta laugarren ibilbideak lehenengoaren eta bigarrenaren berdinak izango dira. Hirugarrena 11:45ean hasiko da eta laugarrena 12:15etan. Jarraian, berriro, autoak berrantolatuko dituzte Oteiza frontoian asistentzietara abiatu aurretik, 13:20ean.
Goierrin barrena bukatu
Arratsaldean Urola Kostako bideetatik Goierriko errepideetara aldatuko dituzte ibilbideak. Bosgarren kronometratutako ibilbidea Ormaiztegitik 15:25ean abiatuko da eta 18,86 km-ko ibilbidea izango da. Seigarrena, aldiz, 7,51km-ko ibilbidea izango da eta Zeraindik abiatuko da, 16:10ean.
Ondoren, Lazkaoko plazan auto guztiak berrantolatuko dituzte, 17:05ean asistentzia gunera joateko. Zazpigarren ibilbide kronometratuan autoak 17:55ean hasiko dira sartzen. Zortzigarrena 18:40ean hasiko da.
Azken ibilbidea amaitzen doazen heinean autoak Lazkaora zuzenduko dira eta Goilurrak Rallyari amaiera Lazkaoko plazan emango diote, 19:00etatik aurrera. Bertan izango da sari banaketa, 20:15ean.
Egun guztian zehar pilotu eta kopilotuek «autoan 334,58 km» egingo dituztela, eta rallyak «11 ordu eta bost minutu» iraungo dituela aurreikusten du antolakuntzak.
Gabiriako udala
Gabiriako Udalak Goilurrak Rallyaren harira errepide «itxiera» egongo dela jakinarazi du: «Ormaiztegin hasi eta Motxorroraino joango dira, handik Aztiriara eta gero Minatan behera Errotaetxe inguruan amaitzeko». Horregatik, 14:15etatik 19:30era «errepideak itxiko» dituztela esan dute.













