Aitor Casadok Japoniari buruzko ikus-entzunezkoa eskainiko du Legazpin
Emanaldia gaur izango da, 20:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Legazpiko argazkilari hau iazko abuztuan egon zen Japonen. Aurtengo udan Uzbekistanera joateko asmoa duAitor Casado legazpiarrak Japon: iragana, etorkizuna ikus-entzunezkoa emango du ga...
Emanaldia gaur izango da, 20:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Legazpiko argazkilari hau iazko abuztuan egon zen Japonen. Aurtengo udan Uzbekistanera joateko asmoa du
Aitor Casado legazpiarrak Japon: iragana, etorkizuna ikus-entzunezkoa emango du gaur, 20:00etan, kultur etxeko areto nagusian.Casado herrialde dezentetan egon da dagoeneko. «Bikotearekin, bisitatu nahi ditugun herrialdeen zerrenda bat egin dut eta abuztuan Japonera joan ginen. Azkenaldian asko hitz egiten da herrialde honi buruz eta aukera on bat topatu genuen. 18 egun eman genituen bertan».
Espero zutena aurkitu zuten, gutxi gorabehera. «Bagenekien oso tradizionalak eta, aldi berean, modernoak direla. Horregatik jarri diot izenburu hori ikus-entzunezkoari. Bi zati ditu: lehenengoan Kioto inguruko tenpluak ageri dira eta bigarrenean Tokio».
Japoniarren puntualitateak eta burugogortasunak txunditu zuten gehien. «Gauza bat modu zehatz batera egin behar dela uste badute, alperrik saiatuko zara beste era batera ere egin daitekeela azaltzen. Britainiarrak baino puntualagoak eta alemaniarrak baino burugogorragoak dira. Hori bai, oso jatorrak dira eta beti laguntzeko prest daude». Tokiei dagokienez, guztiak gustatu zitzaizkien. «Tenpluak zoragarriak dira».
Garraioaren kalitatea eta garbitasuna ere azpimarratu ditu. «Bala trena 10 minuturo irteten da. 300 kilometro 250 kilometro orduko abiadan egiten ditu. Autobus zerbitzua ere oso ona da. Garbitasunari dagokionez, izugarria da. Ez dago zaborrontzirik eta Kioton egon ginen astean paper bakar bat ikusi nuen lurrean», esan du.
Bere ustez, Japon ezagutzeak merezi du. Joateko asmoa dutenentzat, hainbat aholku ditu. Ingelesa jakiteak ezer gutxitarako balio duela dio. Bestalde, bertara joateko urtaro onenak udaberria eta udazkena dira. «Gu abuztuan joan ginen, oporrak orduan hartzen ditudalako, eta ez da garai ona. Bi tifoi egon ziren. Bigarrenak trenean harrapatu gintuen eta bidaia asko luzatu zen. Gainera, 18 egunetik 14tan euria egin zuen. Udaberrian eta udazkenean eguraldia hobea da eta, gainera, udaberrian gereziondoak oso politak egoten dira eta udazkenean, berriz, astigarrak».
Bestalde, Japon ez omen da jendeak uste duen bezain garestia. «Gauzak ondo eta garaiz antolatuz gero, nahiko merke joan daiteke. Trenean atzerritarrentzako bonoak saltzen dituzte eta janari-dendetan produktu freskoak merketu egiten dituzte egunaren amaieran».
Aurten, Uzbekistanera
Dagoeneko Vietnam, India, Birmania eta Europako herrialde gehienetan egon dira. Aurten, seguru aski, Uzbekistanera joango dira Zetaren Ibilbidea egitera. «Uzbekistanek sekulako historia du eta, gainera, bertako jendea oso jatorra dela esan digute», amaitu du legazpiarrak.