Osinberdetik Osinalderantz
Bertsolari gazteentzat III. Osinberde saria bihar jokatuko da, Zaldibian. Gabiriako Osinalderako bi bertsolari sailkatuko dira. Argi-Berri eta Aztiri dira beste sariketakAzkeneko hiru urteetako egitura berbera edukiko du aurten ere Osinalde bertso sari...
Bertsolari gazteentzat III. Osinberde saria bihar jokatuko da, Zaldibian. Gabiriako Osinalderako bi bertsolari sailkatuko dira. Argi-Berri eta Aztiri dira beste sariketak
Azkeneko hiru urteetako egitura berbera edukiko du aurten ere Osinalde bertso sariketak. Aurrez beste hiru sari jokatuko dira, lehena bihar Zaldibiako Osinberden. Denera hemezortzi bertsolari gaztek parte hartuko dute, arlo horretako sariketa garrantzitsuenetakoan.Saioen egitura eta sailkatze moldea ere ohikoak izango dira. Elkarteetan lehenengo afaria izango da, 20:30ean hasita. Ondoren, bertso saioa, mahaian bertan. Entzuteko ateak irekiko dituzte, nahi duen ororentzat.
Osinberde, Argi-Berri eta Aztiri sariketetatik bina bertsolari sailkatuko dira Gabiriako finalera, Osinalden kantatzeko.
Zaldibian dena prest dute
Irekiera saioa Zaldibiako Osinberde elkartean (Joxepane) izango da, bihar. Afaltzeko 60 bat lagunentzat tokia dago. Txartelak Joxepanen dituzte salgai (25 euro); batzuk geratzen dira.
Iaz Osinaldeko garailea Aitor Irastortza zaldibiar gaztea izan zen. Bihar, Osinberden, antolakuntzako lanetan jarriko dute.
Zaldibian, bertsolaritzarekin loturiko beste musika saio bat ere izango da, gaur gauean. Bi Bala taldeak kontzertua egingo du, 22:30ean, Herri Antzokian. Aitzol Barandiaran eta Xabier Etxeberria ataundarrak kide dira, Iñaki Gurrutxaga eta Julen Goikoetxearekin batera. Bertsoak musikatzen dituzte.
Lau goierritar ariko dira
Ohi bezala, Euskal Herriko lurraldetasuna eta genero ikuspegia aintzat hartu dituzte hiru sariketetan, bertsolariak gonbidatzeko. Bi bizkaitar, arabar bat, 11 gipuzkoar, bi nafar eta bi lapurtar ariko dira kantari. Bestetik, zortzina neska eta mutil dira.
Aurten ere Goierrik izango du ordezkaritza Osinalderako sailkatze saioetan. Eskualdeko lau gazte ariko dira: Gemma Urteaga beasaindarra eta Maialen Akizu urretxuarra (Argi-Berrin), eta Mikel Iturriotz urretxuarra eta Aratz Igartzabal gabiriarra (Aztiri sarian).