Igandean egingo du Aizkorri Mendizale Elkarteak Finalista Eguna
Murumendira igoko dira parte hartzaileak. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aurrez.
2025eko Finalista Egunean ateratako argazkia.Mikel De las Heras Aizkorri Mendizale Elkarteak Finalista Eguna egingo du igandean, azaroaren 8an. 08:00etan egin dute hitzordua Aizkorri Mendizale Elkartean, Arana kalean, eta handik Murumendira igoko dira parte hartzaileak. Opari banaketa eta hamaiketakoa 12:00etan egingo dute elkartean.
Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aurrez, 616 310 535 zenbakian WhatsApp bidez edo mendia@aizkorrime.eus helbide elektronikoan. Elkartean ere eman daiteke izena, bihar, azaroak 5, 19:00etatik 20:00etara bitartean.
Urtero egiten du Aizkorrik Finalista Eguna, urtean zehar mendi irteeretan ibili diren haurren azken ekintza izaten dena. Usurbera, San Gregoriora edo Garinera joan ohi ziren garai batean. Baselizan meza entzun eta ondoren opari banaketa ere egiten zuten. Baina garaiak eta beharrak aldatu dira; iaz Garinera joan ziren, baina aurten ez dira joango, antolatzaileek azaldu dutenez urtean zehar ume gutxi ibili direlako: «Pentsatu dugu ez digula merezi festa Garinen egitea, hara mugitu beharra dauzkagun traste guztiak kontuan izanda». Ondorioz, Murumendi igo eta jaitsiko dute, eta oparien banaketa eta hamaiketakoa elkartera itzulitakoan egingo dute.
Lehena, Idiazabalera
Haurren egutegiko 2026ko azken irteera eginda, urte berriarekin ekingo diote berriz egutegiari. Idiazabalera joango dira urtarrilaren 25ean, San Blas jaietako herri krosaren egunean, eta ondoren Uzturre mendira inauterietan.













