Eneritz Artetxek irabazi du Osinberde saria, eta Igoa ere sailkatu da Osinaldera
Entzuleen botoz eta epaileen puntuz, Artetxe azkoitiarra aho batez izendatu dute Zaldibiako bertso sariketaren garaile. Hurrengo saioa Ordiziako Argi-Berri izango da, larunbateanIñaki Alemanen eta Malen Amenabarren ondotik, Eneritz Artetxe azkoitiarra...
Entzuleen botoz eta epaileen puntuz, Artetxe azkoitiarra aho batez izendatu dute Zaldibiako bertso sariketaren garaile. Hurrengo saioa Ordiziako Argi-Berri izango da, larunbatean
Iñaki Alemanen eta Malen Amenabarren ondotik, Eneritz Artetxe azkoitiarra da Zaldibiako Osinberde bertso sariketaren hirugarren irabazlea. Larunbat gauean jokatu zen bertsolari gazteentzako lehiaketa, izen bereko elkartean, 80 bat entzulerekin.Aho batez izendatu dute Artetxe garaile. Entzuleen botoz izendatutako Osinberde saria beretzat izan da, eta epaileek ere puntuz hura zeukaten lehenengo. Artetxeren ondotik, Xabi Igoa da bigarren, eta biek lortu dute Gabiriako Osinalde sariketarako sailkatzea.
Bertso giro bete-betea izan zen Zaldibian, ohi denez. Afaltzen 50 bat lagun elkartu ziren aurrena. Saioa entzuteko jende gehiago sartu zen, gero. Bi sailkatuez gain, Malen Amenabar (iazko irabazlea Osinberden), Mikel Lasarte, Amaia Elizagoien eta Maider Arregi aritu ziren bertsotan, Joxi Irastortzaren esanetara.
Zortziko handian, zortziko txikian, puntuei erantzuten, hamarreko txikian, gaia emanda bakarka eta koplatan aritu behar izan zuten. Patxi Iraolaren Naizen apurra liburua eta Artxanberri bertsolariaren irudia eman zizkieten bertsolari guztiei opari.
Larunbatean Argi-Berrin
Osinalderako bigarren saio baliagarria Ordiziako Argi-Berri izango da, larunbatean, izen bereko elkarteak antolatuta. Gemma Urteaga beasaindarra, Maialen Akizu urretxuarra, Jokin Bergara eibartarra, Unai Mendizabal zizurkildarra, Oihana Iguaran billabonarra eta Ortzi Murua azkaindarra ariko dira. Beste bi sailkatuko dira
Afaria 20:30ean hasiko da. Txartelak Ordiziako Herrikoa eta Kiko Enea tabernetan daude salgai (649 011 262).