Herri Antzokian bi saio jokatuko dira, 11:30ean eta 17:30ean, eta 14 bertsolari lehiatuko dira, tartean Amaia Iturriotz.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kanporaketako lehen fasea amaitzear da; larunbatean Ataungo Herri Antzokian jokatuko diren bi saioekin bukatuko da. Ohi bezala, bi saio izango dira Ataunen ere, 11:30ean eta 17:30ean. Goizeko saioan sei bertsolari lehiatuko dira: Unai Mendizabal, Txomin Azpiroz, Imanol Lizarazu, Oier Iurramendi, Jon Gurrutxaga eta Iñigo Gorostarzu. Arratsaldean, Amaia Iturriotz urretxuarrarekin batera, Unai Gaztelumendi, Aitor Urbieta, Gorka Etxeberria, Arkaitz Oiartzabal, Iñaki Gurrutxaga, Iker Osa eta Asier Azpiroz igoko dira oholtzara.
Saioetarako txartelak egun berean egongo dira salgai antzokian bertan. Horretarako leihatilak 10:00etan eta 16:00etan irekiko dituzte. Sarrerak sei euro balio du saio bakoitzeko; bi saioetako txartelak, berriz, bederatzi euro. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek merkeago izango dituzte sarrerak: saio bakarra lau euroan eta bi saioak sei euroan.
Ataungo saioen ondoren erabakiko da zein 30 bertsolari ariko diren irailetik aurrera Gipuzkoako txapelketako bigarren fasean. Guztira, Gipuzkoako 70 bertsolari ari dira lehian, tartean 17 goierritar.
Urteaga Oñatin garaile
Goierritarrei dagokienean, Amaia Iturriotz bakarrik falta da lanak bukatzeko. Gainerakoek, bukatuta dituzte lehen fasean egin beharrekoak. Gemma Urteaga beasaindarra, gainera, pasa den asteburuan Oñatin jokatu zen arratsaldeko saioan punturik gehien lortu zituen bertsolaria izan zen, Endika Igartzabal gabiriarraren aurretik. Behin-behineko sailkapenaren arabera, 17 bertsolarietatik sei bertsolari daude lehenengo 30en artean: 8. Gorka Azkarate, 14. Aratz Igartzabal, 15. Gemma Urteaga, 21. Aitor Irastortza, 23. Antton Fernandez, 26. Endika Igartzabal, 35. Gorka Maiz, 36. Maialen Akizu, 37. Eneko Araiztegi, 38. Jon Iturrioz, 41. Julen Agirre, 48. Asier Sasieta, 51. Mikel Iturriotz, 53. Odei Lopez, 54. Mikel Tapia, 56. Beñat Torres eta 65. Amaia Iturriotz (saio baten faltan).