Beasaingo lehen saioarekin hasiko da Gipuzkoako txapelketa
Igandean jokatuko da final zortzirenetako lehen saioa, Usurbe antzokian. Guztira 43 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan, horietatik 9 dira goierritarrakGipuzkoako Bertsolari Txapelketa igande honetan hasiko da, Beasainen jokatuko den sa...
Igandean jokatuko da final zortzirenetako lehen saioa, Usurbe antzokian. Guztira 43 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan, horietatik 9 dira goierritarrak
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa igande honetan hasiko da, Beasainen jokatuko den saioarekin. 43 bertsolarik parte hartuko dute; igandean hasi eta abenduaren 20ra bitartean 15 saio jokatuko dituzte. Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Koordinatzaileak «Gipuzkoan bertsolaritza bizirik» dagoela azaldu du. Bere ustez, «bertsolaritza ez da txapelketa bakarrik»; hala, «herrietan dagoen mugimendua eta Bertso Eskolen lana» ere nabarmendu ditu.Goierritar kutsuko jaialdia izango da aurtengoa. Ez zuten alferrik aukeratu Igartzako jauregia aurkezpena egiteko. Izan ere, final zortzirenetako lehen saioa Beasainen jokatzeaz gain, final laurdenetako beste bi ere eskualdean egingo dituzte, Urretxu-Zumarragan eta Ormaiztegin, hain zuzen ere.
Parte hartzaileei dagokionean, Goierriko bederatzi bertsolari daude. Batetik, lehen fasea jokatzetik datozen seiak: Amaia Iturriotz, Aitor Irastortza, Gorka Azkarate, Aratz Igartzabal, Gemma Urteaga eta Antton Fernandez. Bestetik, duela lau urteko txapelketatik zuzenean sailkatuta datozen hiru bertsolari: Iban Urdangarin ataundarra, Nerea Elustondo legazpiarra eta Iñaki Apalategi beasaindarra. Apalategi, gainera, final laurdenetan hasiko da, azken txapelketako finalean izan baitzen.
Gai jartzaileen artean ere, goierritarren presentzia nabarmena izango da aurten ere. Asier Iriondo, Inaxio Usarralde, Itziar Etxezarreta eta Saroi Jauregi ariko dira lan horretan. Epaile taldeari dagokionean berriz, Martin Aramendi, Maite Sukia eta Mikel Urteaga ariko dira. Hori guztia gutxi balitz, txapelketaren sintonia ere Pello Ramirez musikari goierritarrak egin du.
Estreinaldia, Beasainen
Final zortzirenetako sei saioetan lehena jokatuko dute igandean Beasainen. Usurbe antzokian izango da, 17:30ean. Ane Labaka, Jon Maia, Haritz Mujika, Iñigo Mantzisidor Mantxi, Eli Pagola eta Beñat Iguaran ariko dira bertsotan. Beasaingo eta gainontzeko saioetako sarrerak salgai daude, bertsosarrerak.eus webgunean. Abenduaren 20an Ilunben (Donostia) jokatuko den finalerako sarrerak aurrerago, urria aldera, jarriko dituzte salgai.