Falta diren hiru final zortzirenetako emaitzen zain
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final zortzirenetako bi kanporaketa jokatu dira asteburuan, eta lehian aritu diren Goierriko lau bertsolariek lortutako emaitzek irakurketa ezberdinak egiteko aukera ematen dute. Final laurdenetarako zuzeneko sailkap...
Larunbatean jokatu zen Azpeitiako Soreasu aretoan txapelketako bigarren final zortzirenetako saioa Beasainen jokatu zen aurrenekoa hilaren 20an, eta Jon Maia izan zen puntu gehien batu zuena 340 bertsozaleren aurrean. Ikusentzuleek gogoz txalotu zuten bertsolarien jarduna. Lan puntuagarriak bukatuta (14 bertso puntuagarri), epaileek Arkaitz Oiartzabal Xamoa oiartzuar bertsolariari eman zizkioten puntu gehien (439, 5), eta azaroaren 1ean Ormaiztegin jokatuko den final laurdenetako saiorako zuzeneko sailkapena lortu zuen. Iñaki Apalategi beasaindarrak saio horretan ekingo dio txapelketari.
Nerea Elustondo legazpiarra sailkatu zen bigarren (432 puntu), puntuazioaren arabera behintzat saio erregularra eginda. Hirugarren Nahikari Gabilondo zarauztarra sailkatu zen (426,5), laugarren Ander Lizarralde oiartzuarra (425,5), Unai Mendizabal zizurkidarra bosgarren (424) eta Amaia Iturriotz urretxuarra seigarren (421).
Puntuazio baxua Lasarten
Herenegun Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean jokatu zen hirugarren kanporaketan Beñat Lizaso azpeitiarrak jaso zuen puntu gehien (426), eta azaroaren 8an Eskoriatzan jokatu den bosgarren eta azken final laurdenekoan kantatzeko txartela eskuratu zuen.
Lehian aritu zen seikotik puntu gutxien pilatu zituztenak bi goierritarrak izan ziren. Aitor Irastortza zaldibiarra 5. sailkatu zen (399,5) eta Gorka Azkarate zumarragarra seigarren (398). Tarteko postuetan, honako hiru bertsolariak: Maider Arregi (415), Mikel Artola (415) eta Xabier Sukia (412,5). Nabarmentzekoa da Lasarte-Oria saioan bertsolariek lortutako puntuazio baxua, bai behintzat aurreko biekin alderatuz gero. Oraindik beste hiru kanporaketa daude jokoan, eta itxura batera ez Elustondok, ez Iturriotzek, ez dute final laurdenetara sailkatzeko arazorik izango. Nekezago dute sailkapena Irastortzak eta Azkaratek.
Urdangarin Elgoibarren
Datorren larunbatean, urriak 3, laugarren final zortzirenekoa jokatuko da Elgoibarko Herri Antzokian, 17:30ean, eta hori izango da estraineko saioa aurtengo txapelketan Iban Urdangarin ataundarrarentzat.