Lau goierritar Munduko Txapelketara joango den euskal pilota selekzioan
Ekhi Irribarria aramarrak eta Beñat Azketa, Beñat Garmendia eta German Elkoro beasaindarrek jokatuko dute euskal selekzioarekin. Urriaren 15etik 24ra izango da txapelketa.
Eskuzko selekzioa. Beñat Garmendia (ezkerretik hirugarrena), Ekhi Irribarria (eskuinetik hirugarrena) eta Beñat Azketa (eskuinetik lehena). Eñaut Lizeaga, Gaizka Carregal eta Oier Elorzek osatzen dute pilotarien taldea.Irekia Euskal Pilota Federazioak Gasteizen aurkeztu du Argentinan eta Uruguain jokatuko den Munduko Txapelketarako selekzioa. Urriaren 15etik 24ra izango da txapelketa. 41 pilotari ariko dira; tartean lau goierritar daude.
36 metroko frontoian, eskuz, Beñat Azketa eta Beñat Garmendia beasaindarrak eta Ekhi Irribarria aramarra ariko dira lehian, eta taldea osatuko dute Eñaut Lizeagak, Gaizka Carregalek eta Oier Elorzek. Neurri bereko frontoian, pilota egokituan, berriz, German Luis Elkoro beasaindarra ariko da, Beñat Lizaso, Sergio Rodriguez eta Edorta de Antarekin.
Horiez gain, zesta-puntako (36 metro eta 54 metro), paleta larruzko (36 metro), pala motzeko (36 metro), paleta gomazko (30 metro), frontball-eko (30 metro), eta trinketan xarezko eta pilota egokituko txapelketak izango dira.
Euskal selekzioa beste hamalau herrialdetako selekzioekin lehiatuko da, Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton.

36 metroko pilota egokituko taldea. Ezkerrean, German Elkoro.Irekia













