Igandean jokatuko da Gipuzkoako bertso txapelketako azkeneko final laurdenetako saioa. Final erdietan hemezortzi bertsolari ariko dira; finalean zortzi
Ander Lizarralde (eskuinean) irabazi zuen Ormaiztegiko saioa. Iñaki Apalategi hirugarrena izan zen. Arg.: Angel Elortza.
Gipuzkoako bertso txapelketako final laurdenetako saio baten faltan, Iñaki Apalategi beasaindarrak eta Nerea Elustondo legazpiarrak, dagoeneko lortu dute final erdietarako txartela. Iñaki Apalategik igandean Ormaiztegin ekin zion txapelketaren bideari eta helburua ondo bete zuen beasaindarrak: final erdietarako txartela eskuratzea. Ander Lizarralde oiartzuarrak irabazi zuen (501 puntu) Ormaiztegiko saioa. Ondorengo bostak hauek izan ziren: Felix Zubia (499 puntu), Iñaki Apalategi (498, 5 puntu), Arkaitz Oiartzabal (498 puntu), Unai Gaztelumendi (485 puntu) eta Maider Agirre (444 puntu).
Txapelketan aurrera jarraitzearekin gustura badago ere, saioarekin ez zen oso gustura gelditu Apalategi. «Lotuta» sentitu zen: «Banekien gauzak normal joanda aurrera pasako nintzela. Baina oso arduratuta nengoen txartela ziurtatzearekin. Bertso onak bota bai, baina ez nuen gozatu». Bere buruari presio handia jarri ziola aitortu du: «Presioa nabaritu nuen. Nik neronen buruari jarritako presioa zen, txarrik ez egiteko presioa».
Bukaerako kartzelako saioa ondo aprobetxatu zuen Apalategik. «Kartzelan barne lan handia egin nuen neure buruarekin hizketan. Oso zaila da hori egitea baina lortu nuen. Kartzelako lana, orain arteko puntuatuena egin nuen eta kartzelako lana bukatu nuenean, sekulako lasaitua» hartu zuela aitortu du.
Bi goierritar final erdietan
Apalategirekin batera Nerea Elustondok ere eskuan du final erdietarako txartela. Urretxun kantatu zuen legazpiarrak eta 490 puntu eskuratu zituen.
Amaia Iturriotz urretxuarrak, berriz, 454 punturekin, agur esan dio dagoeneko Gipuzkoako bertso txapelketari.
Hemezortzi bertsolari
Azaroaren 22tik abenduaren 6ra bitartean, Zarautzen, Tolosan eta Eibarren jokatuko dira final erdietako hiru saioak. Hemezortzi bertsolarik neurtuko dituzte indarrak eta zortzik izango dute lekua abenduaren 19ko Donostiako finalean. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da finalera eta gainerako bost bertsolariak puntuazioaren arabera aukeratuko dira.