Bihar hasiko dituzte festak Idiazabalen; axariaren jaitsierarekin abiatuko dute mozorro eguna. Igande goizean 36. herriko krosa egingo dute. Bazkari eta afarietarako txartelak Izpar gozoki dendan daude salgai
Hilak 28 ditu gaur, eta bihar hasiko dira Idiazabalen San Blas jaiak. Zerura begiratuz gero ez dirudi hala, baina badatoz aurten ere Goierrira urteko lehenengo festak. Badirudi urruti gelditu direla elurra protagonista zuten otsail hasiera haiek. Bihar iluntzean jaitsiko dute axaria plazara, eta momentu horretan hasiko dira aurtengo
sanblasak.
Ohikoa izaten da bi asteburutan ospatzea festak, baina aurtengo egutegiak asteburu bakarra du gordeta Idiazabalgo jaientzat. Gauzak horrela, aste bakarrean izango dira festak, baina ekitaldiz bete dituzte egunak.
Mozorro eguna dute bihar, eta afaria egingo dute plazan jarritako karpa azpian. 22 euroan salgai daude txartelak Izpar gozoki dendan. Menuari dagokionean, menestra, onddo hornitua, azpizuna piper eta patata purearekin, euskal pastela, izozkia, kafea eta kopa izango dira. Ogia, urteko ardoa, ura, eta sagardoa txotxean ere egongo dira.
Eltziego eta herri krosa
Asteburuan herrian izango dituzte Errioxako Eltziegoko herritarrak, eta beraiek prestatuko dute larunbateko bazkaria.
Arratsaldean pilota partida profesionalak izango dira Igarondo pilotalekuan. Atzo arratsaldean bertan aukeratu zituzten partidarako pilotak. 17:00etan jokatuko dute Altuna II.ak eta Merino II.ak Artola eta Albisuren aurka.
Igandean, berriz, XXXVI. Idiazabalgo krosa egingo dute goizean zehar. 10:45ean benjaminak aterako dira, ondoren alebinak, eta azkenik infantilak. Bestalde, 12:00etan kadeteak eta helduak aterako dira. Izena
www.kirolprobak.com helbidean eman daiteke. Txip horia jabetzan dutenek bost euro ordaindu beharko dute, eta txip zuria alokatu behar dutenentzat zazpi eurokoa da prezioa. Kadeteetan izen ematea doakoa izango da, gaur arte.
San Blas eta San Blas txiki
Otsailaren hiruko goizean XXVIII. txirrindulari lasterketa egingo dute. Eguerdian paella solidarioa, era 18:30ean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen bisita. Amalurra ikuskizuna ikusteko sarrerak salgai daude Izparren, lau euroan. Egunean bertan bost euro balioko du.
Hurrengo egunean San Blas txiki eguna da, eta aurtengo berrikuntza plazan izango den I.go San Blas toka txapelketa da. Bertso bazkariarekin jarraituko dute, eta Axari dantza taldeak Euskal Herriko dantzen emanaldia egingo du 17:00etan. Urtero bezala Egan taldeak alaituko du giroa plazan, eta kantu-poteo taldeak Santa Agedako koplak kantatuko ditu. Axariaren igoerarekin amaituko dituzte festak, ostegunean, 20:00etan.
Paella solidarioa txirrindularitza proiektuarentzat
Urtero San Blas egunean, otsailaren 3an, paella bazkaria egiten dute plazan. Aurten paella solidarioa egingo dute, eta bazkarian bildutako dirua Afrikako Txirrindularitza Proiektu Solidarioa deituriko GKEari emango zaio, etorkizuneko proiektuetan erabiltzeko.
Iaz sortu zen erakunde hau eta Etiopiako Txirrindulari akademiaren proiektua da ardatz nagusia –Ner Group proiektuaren barruan–. Uda igaro zuten Etiopiako bost txirrindularik Idiazabalen, eta helburua txirrindulari etiopiarrak formatzea da, hango txirrindularitza indartu eta gazteentzako irteera izan dadin.