Zubizarreta anaiak elkarren aurka Lau eta Erdiko finalerdietan
Bihar jokatuko dute Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, 21:00etan. Jaialdian beste finalerdia ere jokatuko da Rekalderen eta Amianoren artean.
Iraitz eta Beñat Zubizarreta anaiak, atzo, Ataungo Aiako parkean.Goierriko Hitza Iraitz Zubizarretak (III) eta Beñat Zubizarretak (IV) elkarren aurka jokatuko dute bihar Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. 21:00etan hasiko da pilota jaialdia.
Lau eta Erdiko Txapelketako Serie Bko (bigarren mailako) finalerdietako bat jokatuko da Ataungo anaien artean. Bestea, Amianok eta Rekaldek jokatuko dute Idiazabalen baita ere. Hau da, bihar Serie B-ko Lau eta Erdiko Txapelketako finalistak zein izango diren jakingo da.
Bigarren mailako Lau eta Erdiko Txapelketan ibilbide bikaina egiten ari da Zubizarreta III.a. Lau partidua jokatu ditu eta lauak irabazi ditu. «Lehenengo partidan sufritu nuen gehien, 9-17 atzetik joan nintzen baina buelta ematea lortu nuen». Gaineratu du aurkari «oso gogorra» izan zuela Asier Agirre. «Bera ere txapeldun izandakoa». Ondoren, ligaxka etorri zen eta Zubizarreta III.ak dio hor lasaiago sentitu dela: «Akatsen bat konpontzeko aukera gehiago izateak patxada ematen dizu». Gainera, irabazteak konfiantza beti ematen duela ere esan du.
Zubizarreta IV. ak ligaxka faseko hiru partidetatik bat galdu eta bi irabazi ditu. «Lehenengoa Amianoren aurka jokatu nuen. Aurkari gogorra, baina sentsazio onak izan nituen eta irabazi egin nuen. Bigarrengoan Bakaikoaren aurka joku aldetik berriro ongi sentitu nintzen, nahiz eta amaieran partida ixtea falta, eta galdu egin nuen. Azkenekoan Eskirozen aurka ere sentsazio onak izan nituen».
Zubizarreta gazteak aipatu du afizionatuetan ere txapelketak jokatu dituela lau eta erdian. «Niri gehien gustatzen zaidana da betidanik».
Anaiak aurkari
Kirolean sarri aipatzen da aurkaria ezagutzea garrantzitsua dela. Bi pilotari hauek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Zubizarreta III.ak dio: «Jan, lo eta dena elkarrekin egin izan dugu, beraz, ez da sekreturik egongo». Horretaz gain, hausnartu du, «Beñat lau eta erdikorako diseinatutako pilotaria da»: «Hanka azkarrak, buruz egongokorra eta opari gutxi egiten dituen pilotaria da, gainera defentsan ere ondo kokatuta egoten da beti».
Zubizarreta IV.ak profesionaletan debutatu zuenetik «lau eta erdiko txapelketa jokatzea helburuetako bat» zela aitortu du. Anaiaren jokua ere aztertu du esanez: «Pilotakadei efektua emanez aurkariak bere jokoan sartzen ditu, eta tantoak amaitzeko errekurtso asko ditu gantxoak, horma-bikoak…». Gainera, anaiak Lau eta Erdikoan esperientzia gehiago duela aitortu du.
Eskola kirolean
Zubizarreta anaiek pilotarekiko zaletasuna partekatzeaz gain hortik kanpoko lana ere berdina dute. Eskola kiroleko monitore lanean ibiltzen dira. Iraitz Eskola Kiroleko koordinatzailea da Ataunen eta Atango Pilota Eskolan haurrak entrenatzen ere ibiltzen da. Beñat eskola kiroleko monitorea da, eta Lazkaon haurrak entrenatzen ditu.













