Ordiziako lehen taldea, lehen garaipenaren bila
Zumaian ariko dira igandean eta puntuak etxera ekartzen saiatuko dira. Ohorezko Jubenil taldeak, berriz, Lazkaon jokatuko du larunbatean.
Ordiziako lehen taldeak mailaz igotzea lortu zuenekoa, iaz. Ordizia KE Futbol denboraldi hasiera gogorra izaten ari da Ordiziako lehen taldearentzat. Iaz mailaz igotzea lortu ostean, kostatzen ari zaio Ohorezko Erregional Mailari neurria hartzea, eta zortzi partida jokatuta, azken postuan dira Iker Moureren jokalariak, soilik bi puntu bilduta.
Joan den astean azken minutuetan galdu zuen Oñatiko Aloña Mendiren aurka, etxean, 0-1. Bi taldeek bina puntu zituzten sailkapenean, baina ezin izan zioten garaipenari eutsi. Ordizia Kirol elkarteak hedabide honi adierazi dionez, partida azken unean galtzea «mingarria» izan zen oso: «Partida oso ona egin zuen Ordiziak, baina zorigaiztoko jokaldi batean iritsi zen gola, kontraerasoan; ez da, gainera, denboraldi honetan Ordiziari puntuak azken minutuetan ihes egiten dioten aurreneko aldia».
Sailkapenaren azken postuan egonagatik ere, ziur dira taldea joko aldetik «ondo» ari dela, eta garaipena lortzeko aukera berria dutela azaldu dute igandean. Zumaian jokatuko du lehen taldeak, 16:30ean. Iker Moure entrenatzaileak azaldu duenez, taldea «gogotsu» dago, eta Ordiziara puntuak bueltan ekartzen saiatuko direla azaldu du: «Ea urteko lehen garaipena aste honetan iristen den, eta gutxika sailkapenean goraka egiten dugun».
Ohorezko Jubenil taldea, liderraren aurka
Ohorezko Jubenil taldeak, berriz, Lazkaoren aurka neurtuko ditu indarrak larunbatean, 15:30ean. Sailkapenaren muturreko bi postuetan dira bi talde goierritarrak: lider da Lazkao eta azken postuan da Ordizia. Enrique Martinen jokalariek, hala, ez dute partida erraza izango, baina entrenatzaileak azaldu du puntuak lortzen hastea «ezinbestekoa» dela sailkapenean gora egiteko: «Badakigu aurkari gogorra dugula aurrean, baina taldeak aukerak badituela erakutsi nahi du».
Ordizian, hala, hauek izango dira asteburuan jokatuko diren partidak: Kadeteen 1. Mailan, Ordizia-Ilintxa (larunbata, 10:00); Ohorezko Kadete Mailan, Ordizia-Lazkao (larunbata, 12:00); eta Infantil Handin, Ordizia-Urola (igandea, 11:45).













