Bertsomovieda lehiaketako sariak bihar banatuko dituzte; Ekaitz Goikoetxeak, Garazi Zabaletak eta Aitor Lanasen 'Kantuz egin dugu zutaz oroitzean' lanak bi sari jasoko ditu.
Bertsomoviedan bertso onenaren eta aipamen saria jasoko ditu Ekaitz Goikoetxea eta Garazi Zabaleta beasaindarren eta Aitor Lanas iruindarraren
Kantuz egin dugu zutaz oroitzean lanak.
Bi sari irabazi dituzue Bertsomovieda lehiaketan.
Oso-oso pozik gaude, eta arrazoi askogatik. Epaimahaiaren aipamen saria ez ezik, bertsorik onenei dagokiena ere irabaztea ederra da; ikuslearen saria ere azken unera arte esku-eskura izan dugu, aurkeztu dugun lana maila onekoa eta orekatua den seinale. Garrantzi berezia eman diogu hitzak, melodia, irudiak eta ahotsa ahalik ondoen uztartzeari. Baina benetan pozik bagaude, gure lanak izan duen harrera eta esker onagatik da. Astebetean 5.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu bideoak, eta behin Bertsomovieda bukatuta ere, jendeak hegoak zabaldu eta hegan jarraitzen du. 5.800 ikustaldi baino gehiago izan ditu dagoeneko. Harrituta eta oso eskertuta gaude bideoa zenbati eta nola iritsi zaien ikusita.
Mikel Laboari omenaldia egin nahi izan diozue. Zergatik?
Gure belaunaldiko hainbat neska-mutiko Mikel Laboaren kantuak entzunez hazi eta hezi izan gara. Benetako harribitxiak utzi zizkigun, eta guri ere bazegokigun bera kantuz oroitu eta gure esker-ona azaleratzea, Mikelek hilkorron memorietan hilezkor jarraitzen duela erakustea.
Lankide onak aurkitu dituzu zure bertsoak janzteko.
Onak ez, bikainak. Bertsomoviedak diziplina ezberdinen arteko elkarlana erraztu eta ahalbidetzen du, eta nire hitzek are esanindar handiagoa lortu dute artista zoragarri hauekin lankidetzan. Garazi Zabaletak ber- tsionatutako melodia zirraragarria da, eta Maider Ansak edonori oilo-ipurdia jartzeko moduan kantatzen du. Aitor Lanasek irudien bidez proposatzen digun bidaia, berriz, maisu-lana da. Halaber, bihotz-bihotzez eskertu nahi genioke Mari Sol Bastidari bideorako xehetasunak doitzeko eskaini digun laguntza, eta baita elkarrekin partekatu genuen otordua eta eguna ere.
Ikuslearen saria ere ez duzue urruti izan…
Bai, azken unera arte, hortxe izan gara, ikusleari bideoa iritsi zaion seinale. 1.139 boto jaso ditu gure bideoak, eta 1.238 hondarribiarrenak. Kopuru esanguratsuak dira. Hainbeste boto jaso ondoren, azken unean bigarren geratu izanak penatxoa eragiten du. Baina tira, boto sistemak gure esku ez dauden eragile asko ditu, gure lana lau lagunek ondua da, ikuslearen saria irabazi duen taldea futbol-talde bat da… Gure helburu behinena gure lana ezagutaraztea zen eta dagoeneko ia 6.000 lagunek ikusi dute. Harrera eta ikus-entzuleen esker-ona, hori da gehien asebete gaituen saria.
Zer iruditzen zaizu irudia eta bertsoa uztartzen dituen bertsomovieda lehiaketa hau?
Hori da lehiaketa hau berezi eta eder egiten duena. Sortzaileon lana ia edonoren eskura jartzen du, eta egindako lanak berebiziko zabalkundea lortzen du. Eta finean, hori da sortzaile guztiok nahi izaten duguna, gure lana ezagutaraztea. Sariak sari, zenbat lan geratzen dira epaimahaiko eta antolatzaileen begi-belarriez haragoko hartzailerik gabe?
Eskertzekoa da ohiko sariketen formatuak gainditu, eta begi-belarri gehiagotara iristeko antolatzaileek bere garaian egin zuten apustua. Diziplina ezberdinetako sortzaileok elkarlanean aritzeko modua badugu, hainbat hobe gainera.
Bihar, 19:00etan, sari banaketa Igartzan
Bihar egingo dute 2016ko Bertsomoviedaren sari banaketa Beasaingo Igartza jauregian. Helduen mailako lehen saria Jon Martinek eta Izaskun Bernedok egindako Zeuk erabaki lanarentzat izan da. Gazteen mailan, berriz, Begirada bakoitzean (lehen saria) eta Alferraren astea (aipamena) saritu dituzte. Publikoaren saria, Donosti Cup 2015 lanarentzat izan da, 1.238 boto eskuratuta. Ezohiko sari berezi bat ere banatu dute aurten: Ormaiztegiko bertso eskolako ikasleek egindako Zapatistak lana.