Bertsomoviedako sari nagusia Jon Martinen eta Izaskun Bernedoren 'Zeuk erabaki' lanak jaso du.
Askotan parte hartu izan duzu Bertsomoviedan eta aurten sari nagusia lortu duzu.
Bai, ia urtero saritu dute gure lana modu batera edo bestera. Dena den, ez gara irabazteko aurkezten, gure lanaren eskaparate aparta iruditzen zaigu lehiaketa hau eta horrek motibatzen gaitu.
Nola deskribatuko zenuke zuen azken lana?
Txikitan baziren aukerak ematen zituzten abentura liburuak: “protagonistak honako egitea nahi baduzu, zoaz 69. orrialdera…” ziotenak. Antzerako zerbait egin nahi izan dugu, baina bideo formatuan. Dena den, bideotan ageri diren erabakiak etengabe hartu behar izaten ditugu bertsolariek. Modu automatizatuan eta intuitiboan egiten ikasi dugu denboraren poderioz eta ia ez gara konturatzen egiten ditugunik ere, baina berez brutala da dauden aukera guztien artean zuzenena hautatzea hain denbora gutxian.
Lan berritzailea dela diote.
Bai, hala da. Aspaldian ez da halakorik ikusi. Dena den, ez dugu ezer asmatu. Duela urte batzuk halako bideoak modan jarri ziren komunikazio munduan gabiltzanontzat. Kontua da boladak hain azkar pasatzen diren honetan zerbait retroa egitea berritzailea izan daitekeela urte batzuk pasata.
Zer iruditzen zaizu irudia eta bertsoa uztartzen dituen Beasaingo lehiaketa?
Behar bat identifikatu zutela iruditzen zait. Bertsopaperak ahanzturatik errekuparatzea helburu duen edozein lehiaketa primeran iruditzen zait. Bat-bateko bertsoak bereziki miresten diren garaiak bizi ditugu, baina idatzizkioak izan zituen bere urrezko garaiak ere. Ez genuke bazterrean utzi behar. Testuinguru eta helburu egokiak jartzea da gakoa.
ALBISTE HONEKIN LOTUTA: