Udal ludoteken zerbitzua kudeatzeko baldintza pleguak lantzen ari gara eta egokia iruditu zaigu zenbait argibide ematea. Ludoteka orain arte kudeatu duen enpresari kontratua amaitu zaio eta zerbitzua berriz esleitzeko pleguak lantzen ari gara. Ordea, herritarren dirua kudeatzen dugun aldetik, gure erantzukizuna da orain arte emandako zerbitzua aztertzea eta hausnar egitea, aurreikusitako helburuak bete diren ikusi eta ahal den neurrian hobetzeko. Pasa den ikasturteko datuek erakutsi digute Ezkiaga auzoko Txelotxe ludotekan zerbitzuak harrera ona izan duela. Berritsun, aldiz (plaza nagusi azpian), nabarmen jaitsi da erabilera. Gipuzkoako zenbait herritan zerbitzu hau nola ematen den, zein kostu eragiten duen eta zenbat haur hartzen dituen aztertu eta alderatu dugu (datu guztiak eskuragarri daude Udalean). Gurean, batez beste, 15 bat haurrek darabilte Ludoteka. Zerbitzuaren kostua 100.000 eurorena izan da.
Zerbitzu hau abiarazi izanaren arrazoi nagusia euskara bultzatu eta erabilaraztea izan zen. Udala, zoritxarrez, ez da gai izan zerbitzu honen bitartez hizkuntza-erabileran eragiteko. Eta horregatik, gure ardura delako, hain zuzen ere, zerk huts egiten duen eta zer egin dezakegun aztertu beharrean gara. Baina horretarako formula egokia aurkitu behar dugu. Udalak berak egin zuen apustu Ludotekaren zein Gaztegunearen alde, baina ez ditu aurreikuspenak bete. Ez da egiteko erraza, jakina. Askoz gazte gehiagorengana iritsi behar du zerbitzuak ezinbestean. Badira Beasainen sekulako indarra hartu duten ekintzak, besteak beste, futbol eskolak, saski baloi eskolak, Aurtzaka dantza taldeak, bakoitzak 200 ume inguru batzen dituzte. Udalak ere talde horiek egiten duten lana baliatu behar du zerbitzu honen helburu nagusia lortzeko: herriko gaztetxoak euren eguneroko hizkuntzan euskaraz jartzea. Eta hari horri tiraka ari gara, talde horien eskaintzak euskara ere aintzakotzat har dezan. Euskararen kaleko erabilerari erreparatzen badiogu, argigarria bezain kezkagarria da ikusi eta entzuten duguna. Egun, gure hizkuntzaren presentzia bermatu nahi bada, ezinbesteko dugu erakundeetatik beretik erabilera horretarako tresna egokienak herritarren zerbitzura jartzea.
Udal ludoteka eta Gaztelekuaren kudeaketa egin duen enpresaren lana edo Udaletik hartutako hainbat erabaki ez ditugu inondik ere zalantzan jarriko; erabilera-datuek, ordea, ez diote zalantzari tarterik uzten.
Hori horrela, aurrerantzean eta herriko ikastetxeekin elkar hartuta, hizkuntza indartzeko eskaintza egingo da Ezkiaga auzoan eta Plaza azpian. Helburu nagusia haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako haurren hizkuntza gaitasuna areagotzea da. Eskolaz kanpoko jardueren bitartez euskararen ezagutza eta erabilera sustatu nahi da, hizkuntzarekin zailtasunak dituzten haurrei eta eskolatik kanpo euskaraz hitz egiteko aukera gutxi dutenei aisiaren bidez euskara hobetzeko zerbitzua emanez. Ikastetxeek identifikatuko dituzte haur horiek eta zerbitzu hau euskaraz eta euskal kulturan oinarrituta eskainiko da.
Gazteleku zerbitzua aldiz, aurten behinik-behin, eten egingo da. Orain artean, erabiltzaileen aldetik zerbitzuak izan duen erantzun eta asistentzia ikusirik, hausnarketa sakona egin behar dela iruditzen zaigu. Herritarren ekarpenak gustura jasoko ditugu.
– Aitor Aldasoro (Beasaingo alkatea)