Izena eman dezakete 4 eta 12 urte bitarteko haurrek udaletxean edo ikastetxeetan. Euskararen erabilera indartzea dute lehentasuna. AisiHezi elkarteak sinadura bilketa hasi du
Beasaingo Udalak aurreratu duenez, Txelotxe (Ezkiaga auzokoa) eta Berritsu (Loinazko San Martin plaza azpikoa) udal ludotekek azaroan hasiko dute ikasturte berria. 4 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako zerbitzua eskainiko dute, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea (gaztelekuaren zerbitzua «eten» egin dute momentuz). Interesatuek bi bide dituzte izena emateko: norberak bere ikastetxean, edo udaletxean, Igunean.
Ikasturte berrian euskararen erabilera indartzeko lehentasuna izango dute ludotekek, «beti ere aisiari atxikita». Ildo horretan, eskolatik kanpo euskaraz egiteko aukera gutxi duten edota euskaraz aritzeko zailtasunak dituzten haurrei egongo da zuzendua: «Ludoteka aisia eta jolaserako espazioa izateaz gain, euskara indartzeko gunea» izango dela diote. Era horretan, «gazteen artean euskararen erabilera areagotzea dugu jomugan, jolasaren bidez eta ikastetxe esparrutik kanpo, aisian», dio Aitor Aldasoro alkateak. Udaletik nabarmendu nahi izan dutenez, kalean euskararen erabilerak nabarmen egin du behera.
Baldintza pleguak
Atzeratu egingo da aurten irekiera: irailaren 5ean amaitu zen ludotekak kudeatzeko deialdia eta inongo enpresak ez baitu proiekturik aurkeztu. Baina, «lizitaziora aurkezteko enpresarik bada. Oporrak tarteko, aurkezteko dokumentazioa prestatzeko denbora gabe ibili omen dira», dio Aldasorok. Era horretan, «orain arte bezala, eman beharreko pausoak publiko egingo dira. Pleguak, orain arte bezala, markatutako helburuei eta ikastetxeen beharrei erantzungo die, beraiek horrela azpimarratuta».
Sinadura bilketa
Gai horren harira, orain arte ludotekak eta gaztelekua kudeatu dituen Aisi Hezi elkarteak sinadura bilketa hasi du
change.org bidez (453 bilduak dituzte). Ludotekak eta gaztelekuak berriz irekitzea eskatzearekin batera, gune horiek «irekiak» izan behar dutela diote, «hizkuntza menperatzen dutenentzat eta ez dutenentzat izan behar du».
EH Bilduren esanetan, ludoteken gaia «ez du batere ondo kudeatu» EAJk
Ludotekaren eta gaztelekuaren gaian, «gauzak gaizki, korrika eta presaka, oposizioaren inolako elkarlanik gabe» egin dituela leporatu dio EH Bilduk udal gobernuan dagoen EAJri: «Irailaren 5ean bukatu zen deialdira aurkezteko epea, eta inor ez da aurkeztu. Nabarmen geratzen da EAJren udal gobernuak gai hau ez duela batere ondo kudeatu eta, ondorioz, urritik aurrera ez da ludoteka eta gazteleku zerbitzurik emango, ezta hizkuntza errefortzuko zerbitzurik ere». Era horretan, koalizioari «oso larria» iruditzen zaio, «16 urtez eman den zerbitzu bat kentzea».
EH Bilduren ustez, «orain da momentua gaiari heltzeko, behar den bezala lantzeko eta sakontzeko». Bide horretan, «elkarlanareko eskua» luzatu dio EAJri, «oposizio eraikitzailea» egiteko borondatea azpimarratuz. Hori dela eta, «azken bost hilabeteetan deitu ez den gazteria batzordea urgentziaz deitzea» eskatu diete; hau da, «gaia mahai gainean jartzea eta behar den lanketa egitea».
EH Bilduren esanetan, «ludotekaren helburua aisialdian hezitzea eta parte hartzaileen sozializazioa bultzatzea» da, eta era berean, «norbanakoaren garapen emozionalean laguntzea». Hala, koalizioaren ustez, «ludotekaren barruan txertatu beharko litzateke euskara errefortzuaren zerbitzua, zerbitzu ireki eta inklusibo batean».