Ludoteka eta gazteleku zerbitzuen eteteaz
– Igor Zurutuza (Ludotekako erabiltzaile ohi baten aita eta gizarte hezitzailea)
Udaran
Hitza-n Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak gai honen inguruan idatzitako gutuna irakurri ahal izan dugu. Adierazten zuenez udalak ludotekek eta gaztelekuak eskaintzen zuten gizarte-heziketa zerbitzuak etetearen erabakia justifikatzen du parte-hartze eta datu sozioekonomikoetan oinarrituta. Horren ordez gizarte-heziketarekin zerikusirik ez duen beste zerbitzu bat jartzea xede duen azalpena ematen digu.
Gure 9 urteko alaba erabiltzaile horietakoa zen. Berria esan diogunean, ludoteka ixtea oso erabaki injustua eta ulertezina dela irizten dio. Eguneroko erabiltzailea ez izan arren, astean behin edo bitan poz-pozik irtetzen zen Berritsu ludotekatik. Gizarte hezitzaileekin harremana, lagun berriak egitea, bertako giro goxoa, ekintzak… oso gustukoak zituen. Aita bezala, herrian hutsune handia nabarituko dugula iruditzen zait, gizarteratzea garatzea helburu duen aisialdiko heziketa gune gabe gelditu baikara umeak ditugun familia beasaindarrak.
Erabaki politiko honen ondorioz, ume eta nerabeei kalea besterik ez zaie geratuko etxez kanpoko gizarteratze gunetzat. Gazteriako gizarte-heziketa zerbitzu inklusibo eta integratzailerik gabe geratu gara herrian erabaki politiko bat dela eta. Elkartasun osoa estraeskolarrak ordaindu ezingo dituzten umeen gurasoei eta lanik gabe gelditu diren gizarte hezitzaile eta haien familiei. Irakurleak
Change.org -n Aisi-Hezik irekitako sinadura bilketa orrian sinatzera animatzen ditut.
– Igor Zurutuza (Ludotekako erabiltzaile ohi baten aita eta gizarte hezitzailea)