EAJ-k bere gehiengo osoaz baliaturik, ludoteka eta gaztelekuaren zerbitzuaren bideragarritasunaren eztabaida eman gabe zerbitzua etetea erabaki dute, gauzak gaizki, korrika eta presaka eta oposizioaren inolako elkarlanik gabe egin dituzte.
Uztailaren 28ko gobernu batzordean Hizkuntza errefortzua eskaintzeko baldintza plegua aurkeztu zuten, eta EH-BILDUren aurkako bozka jaso zuen. Orduan salatu genuen bezala, esan nahi dugu EAJren erabakia izan zela ludoteka eta gaztelekuko zerbitzua bertan behera uztea, eta soilik hizkuntz errefortzuari zuzenduriko zerbitzu berri bat eskaintzea.
Irailaren 5ean bukatu zen deialdira aurkezteko epea, eta inor ez da aurkeztu. Nabarmen geratzen da EAJren udal gobernuak gai hau ez duela batere ondo gestionatu, ondorioz Urritik aurrera ez da ludoteka eta gaztelekuko zerbitzurik emango, ezta hizkuntz errefortzuko zerbitzurik ere. Gure ustez, gauzak korrika eta presaka egitearen ondorioz, baldintza pleguak ez dira egokitzen beasaindarren beharretara. Oso larria iruditzen zaigu honelako erabaki bat hartzea, haur eta gazteei zuzenduriko zerbitzu bat etetea, 16 urtez eman den zerbitzu bat kentzea, oposizioarekin batera hausnarketa sakon bat egin gabe.
EH-BILDUren ustez orain da momentua gaiari eusteko, behar den bezala lantzeko eta sakontzeko, gu prest gaude, oposizio eraikitzailea egin nahi dugulako, eta beste behin elkarlanerako eskua luzatzen dizuegu. Beraz azken bost hilabeteetan deitu ez den gazteria batzordea urgentziaz deitzea eskatzen dizuegu, gaia mahai gainean jartzea eta behar den lanketa egitea.
Guk garbi dugu, ludoteka baten helburua aisialdian hezitzea eta parte hartzen duten kideen sozializazioa bultzatzea da, eta era berean norbanakoaren garapen emozionalean laguntzea. Euskararen ezagutza eta erabilera datuek kezkatzen gaituzte gu ere, eta hizkuntzaren normalkuntzaren alde egiten den edozein aurrera pauso babestuko dugu, baino horrek ezin du ekarri beharrezkoak diren beste udal zerbitzu batzuen deuseztapena. Euskara errefortzurako zerbitzu hau ludoteka eta gazteleku zerbitzu ireki eta inklusibo baten barruan ulertzen dugu, tankerako proiektuak martxan dituzten Gipuzkoako beste hainbat herrik bezala, adibidez Arrasaten Txatxilipurdi, Lasarte-Orian Ttakun euskara elkartea…
Gure ustez, eta orain arte egiten zen bezala ludotekaren zerbitzuaren barruan txertatu beharko litzateke hizkuntza errefortzuaren zerbitzua. Beasain bezalako udalerri batean zerbitzu hau ematea ezinbestekotzat jotzen dugu, zerbitzu honek dituen erabiltzaileak eta 16 urteetako ibilbidea kontutan izanda. Hori da lortu beharko genukeena, gazteak espazio honetara gerturatzea, erakartzea, heziketaren bidez, aisialdia lagun eta euskaraz biziz, hori da udalaren erronka, herriko gazte guztientzat formula egokia bilatzea.
Aukera paregabea dugu orain guztion artean eztabaida bat zabaldu eta nolako zerbitzua behar duen gure herriak erabakitzeko. EH-BILDUk bere prestutasuna adierazten du; espero dugu EAJ-k ikusitakoak ikusita hausnartuko duela eta gauzak behingoz ondo egitea.
– Garbiñe Zurutuza (EH Bilduko zinegotzia Beasaingo Udalean)