Goierrin bi saio egingo dituzte Iñaki Murua eta Gema Urteaga bertsolariek. Lazkaoko Txindoki egoitzan gaur izango dira. Bertsoz eta kontuz, «bizitzeko gogoa» eramango diete egoiliarrei
Hirugarren urtean jarraian, bertsolariek adinekoen egoitzetara bisitak egingo dituzte, Adin-Adin programan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean antolatu dute aurtengo zikloa; urriaren 4an hasi zen, Tolosan, eta Goierrin bi saio izango dira. Denera, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako 13 zahar etxetara joango dira.
Goierriren kasuan, bi sioetarik lehendabizikoa gaur izango da, 17:00etan, Lazkaoko Txindoki gerontologikoan. Bigarrena Beasaingo Arangoiti egoitzan da, urriaren 28an, 17:00etan baita ere. Iñaki Murua gabiriarra eta Gema Urteaga beasaindarra ariko dira, bi lekuetan.
Proiektuaren helburua, bertsoa eta kontua ardatz hartuta, egoitzetan bizi diren adineko pertsonen «gaitasuna» sustatzea da, «bizi kalitatea hobetuz eta gaitasun psikoemozionalak landuz». Euskal kulturaren adierazpide nagusi bat bertsolaritza denez, genero horixe aukeratu dute gerontologikoetara eramateko, «ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, terapeutikoki zein ludikoki».
«Oso esker onekoak dira»
Iazko Adin-Adin egitasmoan ere Murua eta Urteaga ibili ziren, Goierrin. Esperientzia polita izan zen, bai bertsolarientzat, bai egoiliarrentzat. «Oso esker onekoak dira adinekoak, eta oso gustura egon ginen haiekin», dio Iñaki Muruak.
Bertsoak bakarrik ez, «kantu zahar batzuk kantatu, ipuin batzuk kontatu… moldatuko gara. Jendea pixka bat gozatu eta bizitzeko gogoarekin jarri; hori da asmoa», gehitu du Muruak.
Gerontologikora joan, eta hango bizilagunekin hitz eta pitz ariko dira. «Jendea ezagutu, zer gustu dituen tira egin pixka bat, zer ezaugarri, zer moduz dauden… Gero, bertsotan aritzeko garaian, gauza positiboak esate aldera».
Gazte eta beterano bana
Egoitza guztietan eskema bera errepikatuko dute: bertsolari gazte bat eta beterano bat joango dira, elkarrekin. «Beteranoa, agian harekiko adineko jendeak ezaupidea izaten duelako. Eta gaztea, bada, gazteak beti beste ilusio bat egiten du: gaztetako oroitzapenak jendearen buruetan egoten dira, eta adineko jendeari ere ilusioa egiten dio, euren biloba balitz bezala ikusten dutelako. Hori ere ederra da».
Gipuzkoan 11 egoitzatan, Elizondon (Nafarroa) eta Aramaion (Araba) 17 bertsolari ariko dira.