BIDEOA. 25. Zegama-Aizkorri mendi maratoia bideoan
Tove Alexandersson suediarrak eta Elhousine Elazzaoui marokoarrak irabazi dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 25. edizioa. Alexanderssonek emakumezkoen probako marka berria ezarri du, eta Elazzaouik, bigarren urtez jarraian eskuratu du garaipena.
25. edizioko gizonezko eta emakumezko saridunak. Azken egunetako eguraldi ezegonkorrak zalantza ugari sortu baditu ere, azkenean giro ezin hobea izan dute korrikalariek: freskoa eta euririk gabea. Hala ere, mendiko ohiko zailtasunek ez dute hutsik egin, eta lokatza zein elurra bidelagun izan dituzte lasterkariek. Aizkorri zurituta topatu dute, eta elurraren edertasunarekin batera, lokatzak ere gogortu du ibilbidea. Horri guztiari aurre egiteko, ezinbesteko bultzada izan dira zaleen animoak, korrikalariak une oro hauspotuz.
Zegamako kaleetan ere festa giroak hartu du protagonismoa. Helmugan, txaloak, musika eta oihuak nagusitu dira korrikalariei ongietorria egiteko, eta parte-hartzaileek poz eta emozioz ospatu dute helmugaratzea.













