Osinalde zain dute sei gaztek

Bihar jokatuko da bertsolari gazteen 46. sariketa, Gabirian. Iazko bost finalista sailkatu dira. Aratz Igartzabal gabiriarra da berria, eta Araiztegi eta Akizu 2. aldiz ariko dira

OSINALDE_BERTSO_SARIKETA_2(1)

Aztiri, Argi-Berri eta Osinberde sariak jokatu ondoren, haietatik sailkatutako bina bertsolariek bihar gauean jokatuko dute, Gabirian, 46. Osinalde Saria. Izen bereko elkartean, 20:30ean afaria izango da aurrena (123 lagun), betiko menuarekin: pikatxa tortila, arkume errea eta gazta menbriluarekin. Bertso saioa 22:30-23:00ak aldera hasiko da, entzuleentzat sarrera libre dela.

Eneko Araiztegi segurarra, Aratz Igartzabal gabiriarra (Aztiritik), Maider Arregi oñatiarra, Maialen Akizu urretxuar-gabiriarra (Argi-Berritik), Unai Mendizabal zizurkildarra eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra (Osinberdetik) dira finalista. Jokin Muruak aurkeztuko du saioa, eta epaile Nikolas Zeberio, Mikel Mendizabal, Jokin Matxinandiarena Mugertza, Asier Iriondo eta Nerea Ibartzabal ariko dira.

Seikotean denak dira gipuz-koarrak, eta hiru goierritarrak. Kurioski, iazko Osinalde sarian kantatu zuten seitik bostek errepikatu dute, Haritz Mujika irabazleak ez beste guztiek.

«Saio berezia izango da. Etxean kantatuko dut.
Plazera da, azken aukera nuelako»

Aratz Igartzabal (Bertsolari gabiriarra)

«Osinaldeko beroak bertsotan egitea
eskatzen du, eta bertsotara noa»

Maialen Akizu (Bertsolari urretxuarra)

«Iaz ere finalean izatea onerako izango da.
Badakigu zer aurkituko dugun»

Eneko Araiztegi (Bertsolari segurarra)

Aratz Igartzabal debutari
Finalean berria Aratz Igartzabal da. «Oso gustura nago sailkatuta. Gainera, aurten hirugarren urtea nuen; azken aukera zenez —antolatzaileek hiru aldiz gonbidatzen dute bertsolari bat—, banuen pasatzeko gogoa. Berezia izango da, etxean kantatuko dudalako. Plazera izango da».

Gustua bai, baita «presioa» ere. «Ia seguru nago edukiko dudala. Bestela ere urduri samarrak gara, eta oraingoan gehiago». Ahal den saio «konpletoena» egin nahi du Igartzabalek, «ariketa denetan zer edo zer» eman. «Gozatu, gozarazi eta gero gerokoak». Osinalde elkartea du bertso-eskola eta sehaska.

Beste bi goierritarrentzat bigarren Osinalde da jarraian, iazkoaren ondotik. «Iaz baino lasaiago» dago Akizu. «Esperientziak denerako balio, honetarako ere bai. Giro beroa eta kutsakorra izaten da Osinalden, baina egin nahi dudana garbiago eduki nahi dut nik, burua hotz mantendu. Hango berotasunak bertsotan egitera joatea eskatzen du».

Araiztegik ere uste du iazko esperientzia «onerako» izango dela. Bertsorik onenaren saria jaso zuen, eta bertso-kolpe biziekin saiatuko da bihar ere, nahiz helbururik ez duen jarri. «Gustura sentitzen naiz bertsotan. Iaztik lasaiago aurkitzen naiz jende aurrean».

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend