Bertsomovieda lehiaketako sariak gaur banatuko dituzte Igartzan

Helduen saria Mariñe Arbeoren Txakur Gorria taldeak irabazi du 'Hartza zu' lanarekin. Ekaitz Goikoetxearen 'Botilen hilerritik' lanak bi sari jaso ditu, ikuslearena eta aipamena

Bertsoak eta irudiak uztartzen dituen Bertsomovieda lehiaketan hamaika lan jaso dituzte aurten, 6. edizioan. Antolatzaileen esanetan, «beste urtebetez bertsomovie originalak eta politak ikusteko aukera eskaini digu aurtengo edizioak ere». Aurten, gainera, sari gehiago banatuko dituzte: «Saritu gabe utzi behar izaten genituen lan onengatik, aurtengo ediziorako sarietan aldaketa batzuk egitea erabaki genuen».

Gaur egingo dute sari banaketa ekitaldia, Igartzako jauregian, 19:00etan. Helduen mailako saria Txakur Gorria izeneko tal-deak jaso du, Mariñe Arbeo urretxuar-zumarragarrak, Nerea Ibartzabal markinarrak eta Malen Amenabar larrabetzuarrak osatutako taldeak; gazteen mailakoa, Berrizko Bertso Eskolako taldeak eta bertso onenen saria, Ane Labakarentzat izan da.

Ikusleen saria

Ikusleak ere epaile izaten dira Bertsomoviedan, eta kasu honetan, 1.473 boto jasota, Ekaitz Goikoetxea beasaindarraren Botilen hilerritik lana izan da irabazlea. Ezkaba gotorlekuan kokatzen da istorioa, «Ezkabara gerturatzeko, finean egiaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko gure alea jartzeko». Bideoan gotorlekuan preso egon zen Silvestre eta bere bilobaren arteko «balizko eta ezinezko enkontrua» irudikatu dute; «biloba bere aitonaren lorratzen bila doa preso egon zen gotorlekura eta bere hezurrak hanka artean botila bat zutela lurperatuta egon ziren botilen hilerrira. Botiletan, lurperatutako presoen inguruko datuak zehazten zituzten papertxoak sartzen zituzten». Beasaindarrak aitortu duenez, «urte gehiegitan isilean izan dugun gaia azaleratzeko sekulako beharra sentitzen nuen, eta asmatu dugu».

Talde lanaren emaitza

Pedro de Atarrabiako DBH4. mailako ikasleekin batera egindako lana da: Goikoetxeak bertsoak idatzi ditu, lankide batek musika, bi ikaslek eta ikasle ohik kantatu… Beasaindarra «oso-oso pozik» dago «prozesuan ikaragarri ikasi eta gozatu dugulako, eta izan duen harrera ikaragarria izan delako».

Publikoaren saria eta aipamena irabazi dituzte Botilen hilerritik lanarekin, «baina benetan betetzen gaituena astebete honetan jaso ditugun mezuak dira, jendea ikaragarri hunkitu du bertsomovieak. Iritsi egiten da bideoa». 8.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu bideoak. Nafarroako Gobernuak ere eskatu dietela jakinarazi du Goikoetxeak.

SARITUAK

· Helduen maila. Hartza zu, Txakur Gorria taldearena. 1.000 euro.
· Gazteen maila. Egin Irri, Berrizko Bertso Eskola. 300 euro.
· Ikusleen saria. Ekaitz Goikoetxearen Botilen hilerritik. 500 euro.
· Bertsorik onenen saria. Ane Labakaren bertsoak, Ahanzturaren haran lanean. 250 euro.
· Aipamenak. Ekaitz Goikoetxearen Botilen hilerritik (200 euro) eta Gontzal Belategiren Naturak zoratzen gaitu (200 euro).

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend