Legazpiko Gazteak futbol taldea sortu zutela 15 urte bete diren honetan antolatutako ekintza da. Realak, Eibarrek eta Ilintxak parte hartuko dute Legazpiko Gazteen beteranoekin batera
Legazpiko Gazteak futbol taldea 2002an sortu zuten Gaztetxearen bueltan eta lau denboraldiz aritu zen jokoan. Denbora asko ez zuen egin beraz zelaietan, baina haren arrastoa bizi-bizirik dago eta aurten sortu zuteneko 15. urteurrena ospatzen ari dira. Ospakizunen harira datorren larunbatean beteranoen txapelketa jokatuko dute Legazpiko Bikuña zelaian.
Beteranoen lehiak Legazpiko Gazteak taldean aritutako futbol jokalariak elkartuko ditu. Iker Azpeitia taldearen sortzaileetako baten hitzetan, «lau urte zoragarri izan ziren eta hamabost urteren ondoren berriro elkartzeak kriston ilusioa egingo digu». Hogei jokalari inguruk jokatuko dute partida.
Larunbateko beteranoen lagunarteko txapelketan Ilintxako beteranoak, Realekoak eta Eibarrekoak izango dituzte bidelagun. 16:30ean Realaren kontra jokatuko dute Legazpiko Gaz-teak taldekoek. 17:15ean Ilintxa eta Eibar neurtuko dira eta 18:00etan finala izango da. Minutu bateko isilunearekin hasiko dira aurreko udan Ilintxako jokalari izandako Alain Cuesta moto istripuz zendu zela eta hura gogoratzeko. Txapelketaren ondoren Legazpiko Gazteak eta Ilintxako beteranoak afari batera bilduko dira Aitxurin; 60 bat lagun elkartuko dira.
Legazpiko Gazteak futbol taldea izen bereko kirol elkartean sortu zen. Pilota eskola ere elkarte berberaren baitan sortu zuten. Lehen hiru denboraldiak Bigarren Erregional mailan aritu ziren eta hirugarrenean igoera faserako sailkatu eta lehenengo mailara igo ziren; hain zuzen, Ilintxa taldea zegoen mailara.
Igoera fase hura
Azpeitiak ez dauzka saltzeko igoera fase hark utzitako oroitzapen guztiak, «azkeneko hiru partidak irabazi behar genituen goera lortzeko. Hiru haietatik lehena Eibarren kontra jokatu genuen baita arazo handirik gabe irabazi ere. Bigarrena, etxean, Hondarribiaren kontra. Galtzen hasi ginen arren, partidari buelta eman eta garaipena lortu genuen».
Azpeitia oraindik ere hunkitu egiten da une haiek gogoratuta. «Azken partida Intxurreren kontra jokatu genuen, Alegian. Bi autobus bete legazpiar joan ziren, autoz ere joan ziren, kalimotxo eta garagardo litro pila eraman genituen eta petardo trakak. Han ere galtzen hasi ginen, baino azkenean garaipena lortu genuen». Oilo ipurdia jartzen zaio Azpeitiari hainbeste urteren ostean epaileak partidaren amaiera adierazi zuen unearekin akordatzen denean. «Gauean izugarrizko festa egin genuen Legazpin, ilea tindatu genuen denok!».
Azken denboraldia «petralagoa» izan zen eta ondoren amaitu zen taldearen ibilbidea. Arrastoa, berriz, bizirik dago.