Bi goierritar Mariren Kobak Trailaren laugarren edizioan
Hogei partaide izango ditu abentura, orientazioa eta planifikazioa uztartzen dituen probak, eta horien artean daude Aritz Ugarte idiazabaldarra eta Iñaki Maiz beasaindarra. Larunbatean jokatuko da, eta Dimako Baltzola kobazuloko aparkalekua izango da abiapuntua.
Partaide bat, orain bi urte, Lezeako Mariren koban, Ilarduian, atzeraka oinez.Antton Guaresti Datorren larunbatean, hilaren 21ean, jokatuko da Mariren Kobak Trail probaren laugarren edizioa. Hogei partaide izango ditu aurten –hemeretzi gizonezko eta emakumezko bakarra–, eta horien artean bi goierritar daude: Aritz Ugarte idiazabaldarra eta Iñaki Maiz beasaindarra.
Eguzkia ateratzearekin batera abiatuko dira korrikalariak Dimako Baltzola kobatik (Bizkaia), eta antolakuntzak emandako mapei esker Mari jainkosaren bizitoki diren hainbat koba lotu eta helmugara iritsi beharko dute. Gizonekoek 10 ordutan osatu beharko dute ibilbidea, emakumezkoek 11 ordutan. Ibilbidea sekretua da, eta horrenbestez, helmuga non egongo ez dute jakinarazi. Aurreko hiru edizioetan Zegaman bukatu da proba.
Kirola, mendia eta euskal mitologia
Mariren Kobak Trail abentura bat da, eta orientazioa eta planifikazioak “pisu handia” izango dute. Parte-hartzaileek aurrez jakingo duten gauza bakarra da irteera Dimako Baltzola kobako aparkalekuan izango dela, eta eguzkia atera baina lehenagoko deiadarraren soinuarekin da abiatu beharko dutela. “Ibilbidea ezezaguna izango da azken momentura arte. Ordu laurden bat lehenago antolakuntzak mapa bana emango die parte hartzaileei. Mapan gutxi gorabeherako ibilbide bat azalduko da eta pasa beharreko koba guztiak markatu izango ditu. Behin irteera emandakoan parte hartzaileen mugikorrak zigilatuko dira eta bakoitzak nahi duen ibilbidea egin dezake, beti ere koba horietatik pasa eta bertan egongo diren egiaztagiri harriak hartu ezkero”, azaldu dute antolatzaileek.

Iazko probaren irteera, Irantzuko monastegian, Nafarroan.Antton Guaresti
Jakina denez, Euskal Herrian ezin da edonola sartu Mariren kobazuloetan eta abentura honetan ere euskal mitologiaren antzinako legeak jarraitu beharko dira: Mariri ezin zaio inoiz bizkarra eman eta kobazulotik atera behar da sartzen den bezala, hikan hitz egin behar zaio eta ez zaio inoiz begietara begiratu behar. “Abentura hau modu zoragarria da kirola eta euskal mitologia batzeko eta gure mugetatik haratago zabaltzen laguntzeko”.
Bestelako arauak eta kilometro kopurua
Beste arau berezi batzuk ere baditu probak, izan ere, derrigorrezko material gisa, parte hartzaile guztiek txorizo, saltxitxoi edo antzekoren bat eraman beharko dute proba guztian zehar soinean zigilatuta, eta Mari jainkosaren aurrean elegante agertzeko, alkandora bat eraman beharko dute jantzita. Laugarren edizio honetan, parte-hartzaile guztiek GPS gailu bat eramango dute, bakoitza non dagoen jarraitu ahal izateko.

Angel Garcia galiziarra, azken bi edizioen irabazlea, iaz, Zegaman, saltxitxoi sorta eskutan.Biel Rafols
Antolakuntzak prestatutako ibilbidea –aurreko hiru edizioen ezberdina–ez dago bere horretan jarraitu beharrik eta ez da inongo momentutan bidea markatuta egongo. 79 kilometroko luzera eta 4.800 metroko desnibel positiboa du. Ibilbidean zehar hiru gune egongo dira, eta partaideek asistentzia izan dezakete horietan. Mapan iturri ezberdinak adierazita izango dituzte.
Azken bi edizioen irabazlea irteeran
Aritz Ugarte idiazabaldarra eta Iñaki Maiz beasaindarra izango dira probako goierritar bakarrak. Ugartek iaz ere parte hartu zuen eta hirugarren iritsi zen helmugara, eta Maiz Aitor Zunzunegi legorretarrari –Araian utzi zuen proba– asistentziak egiten aritu zen iaz. Beste partaideen artean honakoak nabarmendu daitezke:
- Angel Garcia Garcia (A Coruña, Galizia, 1985). Mariren Kobak Trail lasterketaren azken bi edizioen irabazlea.
- Imanol Aleson Orbegozo (Azkoitia, 1972). Euskal Herri mailako hamaika ultren irabazle, Ehunmilak 3 aldiz irabazi du eta 2 aldiz bigarren izana da. Euskal Herritik kanpo ere hainbat lasterketen podiumera igo da: Andomita, Euforia, Travesera…
- June Villaroel (Madril, Espainia, 2001). Mariren Kobak Trail-en lehen edizioan boluntario bezala aritutakoa. 2025eko Espainiako Mendi Lasterketen Kopako (FEDME) txapeldun absolutua izan zen, 2024an promesa mailako kopa ere irabazi ondoren. Horrez gain, nazioartean Skyrunning Munduko Kopako lehen garaipena lortu zuen 2026ko Mount Kinabalu Climbathon proba ospetsuan, eta Euskal Herrian Aramotz zein Sorginen Lasterketa bezalako probak ere irabazi ditu.
- Dimas Pereira (Asturias, Espainia, 1997). Espainiako mendi-lasterketetako txapeldun izan da hainbat aldiz (2023an, 2024an eta 2026an) eta munduko txapeldunorde geratu zen 2026ko La Gomerako Skyrunning Munduko Txapelketan. Horrez gain, Transvulcania eta Traveserina bezalako proba ospetsuak irabazi ditu eta nazioarteko lasterketa nagusietan lehiatzen da.













