«Taldea sendo dago, eta emaitzak dira erakusgarri»
Seitik bost garaipen lortuta, denboraldi hasiera bikaina egin du Ampo Ordiziak, eta sailkapenaren bigarren postuan da (puntuetan berdinduta). Kopako lehiari ekingo diote orain; Valentzian jokatuko dute lehena, igandean, 12:00etan.
Oier Goia Ampo Ordiziako kapitaina. Hitza Bolada onean da Ordiziako errugbiko lehen taldea, eta denboran luze egindako lanaren fruituak iristen ari zaizkie. Taldea «sendo» dagoela azaldu du Oier Goia kapitainak (Idiazabal, 1995) eta «norabide berean» lanean jarraitzeko ordua dela dio. Hamar denboraldi egin ditu idiazabaldarrak Ordiziako lehen taldean, eta esperientzia baliotsua pilatuta, denboraldiaren orain arteko balantzea egin du.
Azken bost jardunaldiak irabazi dituzue eta, une honetan, sailkapeneko bigarren postuan zaudete. Nola dago taldea?
Hasieran, talde berri baten aurrean geunden: iazko jokalari batzuen bajak, jokalari berrien etorrera, entrenatzaile berria… azken urteotan taldean egon garenok bagenuen taldeak nola funtzionatuko lukeen ikusteko beldur pixka bat hasieran. Aurreneko partida Madrilen jokatu genuen, Liceo Francesen aurka, eta hasierako hamar minutuetan oso ondo aritu izanagatik ere, ez genituen bi puntuak poltsikoratu.
Ordutik, ordea, beste talde bat gara, nola entrenatzailearen eta jokalarien arteko harremanari dagokionez, hala jokoari dagokionez. Ederki funtzionatzen ari gara eta emaitzak dira horren erakusgarri. Azken sei jardunaldietatik bost irabazi ditugu, tartean bereziki bi lorpen garrantzitsu eskuratuta: iazko Kopako txapeldun Alcobendasen aurkakoa, haren etxean jokatutakoa; eta iazko Ligako txapeldun VRAC taldearen aurkakoa, Altamiran jokatutakoa. Emaitzek erakusten dute taldea aurrerapausoa eman duela.
Taldea bereziki ondo ikusten dut: sendo bezain egonkor, baina oinak lurrean ditugula.
Zein da daramazuen bolada onaren gakoa?
Talde-lana. Errugbian, taldearen barruan sor daitekeen giroa faktore garrantzitsua izaten da, alegia, bai etxeko jokalarien eta kanpotik etorritakoen arteko laguntasuna. Taldean giro ona dagoenean, zelaian ere dena ematen duzu, eta horretan gabiltza.
Azken emaitzek konfiantza ematen diote taldeari?
Taldea bereziki ondo ikusten dut: sendo bezain egonkor, baina oinak lurrean ditugula. Ordizian urte batzuk daramatzagunok badakigu errugbian edozer gerta daitekeela, eta esperientziarekin frogatu ahal izan dugu maiz horrek pasada txarra jokatu izan digula, arerio onenaren aurka irabazi bai, baina sailkapenaren azken postuan den arerioaren aurka ere galdu dezakegulako.
Horregatik, partida bakoitza bere ezaugarri, izaera eta faktore guztiekin hartu behar dugu kontuan, eta gure esku dagoen guztia eman, garaipenak lortzen jarraitzeko. Lanean jarraitzea dagokigu.
Hiru talde zaudete sailkapenaren goialdean, 22 puntura berdinduta.
Liga oso estututa dago, eta emaitzek erakusten dute hori. Talde profesionalak dira denak, eta lehia handia dago. Gure hurrengo Ligako partida Burgosen aurka izango da, haren etxean, eta lidergoa izango dugu jokoan. Partida garrantzitsuak tokatzen zaizkigu orain.
«Altamiran jokatzen dugunean, beste talde bat gara, indartsuagoa»
Aurretik, baina, Koparen lehiari ekingo diozue.
Kopako helburua argia da: partida bakoitza irabaztera ateratzea. Valentziaren aurka neurtuko ditugu indarrak asteburu honetan, eta Sevillaren aurka, berriz, datorrenean. Bigarren mailako taldeak dira biak, eta printzipioz, aurkari errazagoak izan beharko lirateke, kontaktu mailari zein exijentziari dagokionez. Baina ezer ez dago idatzita, eta errespetu guztiarekin helduko diegu bi hitzorduei.
Zalegoaren indarra ere beharrezkoa izango da, noski.
Altamiran jokatzen dugunean, beste talde bat gara. Momentu bakoitzean behar dugun bultzada ematen digute zaleek. Oso berezia da guretzat Altamiran jokatzen dugun partida bakoitza, eta beste ilusio batekin ateratzen gara zelaira.













