Nerea Elustondo, Iñaki Apalategi, Asier Otamendi, Aitor Sarriegi eta Oihana Iguaran partaide izango dira. Seguran jokatuko da final-laurdenetako bigarren saioa. Antolatzaile taldeetan ere goierritarrak badira
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 2017ko emana badator. Hiru hilabeteko bertso uholdea eragingo du, aurten lehenengo aldiz Euskal Herri oso-osoan zabalduko dena, zazpi herrialdeetara iritsiko baita. 14 saio izango dira denera, azkena Barakaldoko BEC aretoko finala. Tartean, Goierrin saio bat izango da, final-laurdenetako bigarrena: Seguran kantatuko dute sei bertsolarik, hilaren 30ean. Egun eta leku berean ospatuko dute, aldi berean, Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna ere.
Txapelketa Nagusia atzo aurkeztu zuten Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Han ziren Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakari Iñaki Murua gabiriarra eta Gipuzkoakoaren lehendakari Saroi Jauregi zaldibiarra. «Euskararen lurralde osoan izango da Bertsolari Txapelketa Nagusia lehen aldiz. Ez da kontu sinbolikoa, ez da indar erakustaldi bat. Errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan», azaldu du Muruak.
Goierritar saldoa
Lau urtean behingo ekitaldi isolatu izatetik urruti, bertsogintzaren jarraikortasunaren ondorioz baizik. Herrialdeetako txapelketetatik sailkatutako bertsolariek parte hartuko dute, esate baterako. 43 bertsolarik kantatuko dute, 18 gai jartzailek aurkeztuta eta 20 epailek adituta.
Bost goierritar bertsolari dira partaide: Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategi beasaindarrak, Nerea Elustondo legazpiarra, Gasteizen bizi den Asier Otamendi urretxuarra, eta Idiazabalen bizi den Oihana Iguaran billabonatarra. Urretxun jaiotako Jon Maia zumaiarra ere sailkatuta dago.
Sarriegi seigarren aldiz ariko da Txapelketa Nagusian. Bi aldiz finalera iritsia da (2009an eta 2013an). Otamendik bosgarren aldia du; Elustondok hirugarrena, Apalategik bigarrena eta Iguaranek estreinakoa.
Aurkezle taldean, Inaxio Usarralde lazkaotarra eta Saroi Jauregi daude. Epaileetan, bi ataundar: Martin Aramendi eta Maite Sukia. Aramendik eta Joanito Dorronsorok, besteak beste, iritzi artikuluak idatziko dituzte
bertsozale.eus webgunean. Aitzol Barandiaran ataundarrak, finalaurreko guztiak zuzenean aurkeztuko ditu ETB4rako.
Sarrerak Internet bidez
Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera. Final-laurdenak bi itzulira dira. Bi puntuazioak batuko dira, baina lehen itzulian azken sei tokietan geratzen direnak ez dira bigarrenera pasako.
Txapelketa osorako bonua Bertsozale Elkartearen bazkideek soilik erosi ahalko dute. Saio-etarako ere deskontuak dituzte. Interneten (
bertsosarrerak.eus) eta salmenta lekuetan erosi ahalko dira gainontzean.