Nerea Elustondo legazpiarrak kantatuko du. Euskal Herriko helduen bertso eskolek egun osoko egitaraua antolatu dute. Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaran Leitzan ariko dira igandean
Euskal Herriko 17. Bertsolari Txapelketa Baigorrin (Nafarroa Beherea) jarri zen abian pasa den larunbatean. Bigarren geldialdia, Goierrin egingo du larunbatean, Seguran, Baratze pilotalekuan 17:00etan.
Nerea Elustondo Plazaola legazpiarrarekin batera, Ander Fuentes Mujika zubietarra, Beñat Iguaran Amondarain amasa-villabonatarra, Felix Zubia Olaskoaga zarauztarra, Jon Martin Etxebeste oiartzuarra eta Unai Gaztelumendi Arandia añorgarra ariko dira kantuan. Saioan punturik gehienak lortzen dituena zuzenean pasako da final aurrekoetara eta gainerakoek puntuazioaren emaitzaren zain egon beharko dute.
Apalategi eta Iguaran
Iñaki Apalategi Astigarraga beasaindarrak eta Idiazabalen bizi den Oihana Iguaran Barandiaranek ere asteburuan izango dute lehenengo saioa bertsolari txapelketa nagusian. Leitzan (Nafarroa) kantatuko dute 17:00etan udal kiroldegian, Agin Laburu Rezola, Julio Soto Ezkurdia, Oihana Bartra Arenas eta Unai Agirre Goiarekin batera.
Beste bi bertsolari goierritarrek ere parte hartuko dute txapelketan: Asier Otamendi Alkorta urretxuarrak urriaren 7an kantatuko du Zumaiako (Gipuzkoa) Aitzuri pilotalekuan, 17:00etan; eta Aitor Sarriegi Galparsoro beasaindarrak, azaroaren 1ean, Irunen (Gipuzkoa), Artaleku kiroldegian, 17:00etan.
Sarrerak salgai
Saio guztietarako sarrerak abenduaren 17ko Barakaldoko BEC-eko finalekoak barne aurrez eros daitezke Internet bidez,
bertsosarrerak.eus webgunean.
Helduen bertso eskolen topagunea egun osoan
Helduen Bertso Eskolen eguna ere ospatuko da larunbatean Seguran. 12:30ean Elorripen elkartuko dira eta 14:00etan bazkaria egingo dute. Bazkalondoren, Bertsotruk, bertso eskolen arteko desafioen hirugarren edizioa aurkeztuko dute. 20:00etan afaria izango da trikitilariek girotuta. eMePebo5t taldearen kontzertuarekin amaituko da eguna.