Gaztetxeko bertsolaritza tailerra gidatuko du Iriondok (Legazpi, 1973). Bertso Olariak eskolako kidea bertso munduak gaztetxearekin izan duen harremanaren lekukoa da.Nola iritsi zen bertsoa Legazpiko Gaztetxera?Mataderon dagoen gaztetxera orain hamabos...
Gaztetxeko bertsolaritza tailerra gidatuko du Iriondok (Legazpi, 1973). Bertso Olariak eskolako kidea bertso munduak gaztetxearekin izan duen harremanaren lekukoa da.
Nola iritsi zen bertsoa Legazpiko Gaztetxera?
Mataderon dagoen gaztetxera orain hamabost bat urte iritsiko zen. Urte dezentetan bertso afari bat antolatu zen. Beti etortzen ziren Xabier Silveira, Jokin Uranga eta Fredi Paia. Zazpi zortzi bat urtetan egin zen. Ez zen gaztetxeko ohiko kultur ekitaldi bat ordura arte bertso ekintzarik ez baitzen egiten bertan.
Zaharrak berri show ekitaldia Silveira, Uranga eta Paiak sortutako ekitaldia zen, gaztetxe girorako oso egokia.
Bertso eskolak ala gaztetxeak aukeratu zuen?
Gaztetxearen eta Bertso Olariak eskolaren arteko elkarlana izan zen. Aukeratu gaztetxeak aukeratu zuen eta ezin hobeto funtzionatu zuen ikuskizuna zen, oso egokia baitzen bertsozaleak ez ziren tokietarako.
Hala sartu zen bertsoa gaztetxean?
Bai. Egia esateko beste bertsolari batzuekin saiatu ziren bertso bazkariak antolatu eta jendea animatzen, baina ez zuten sekula arrakasta berbera izan. Bertso bazkaria bertan behera geratu zen eta berriro Paia eta konpainia ekarri zituztenean arrakastatsua izan zen, bitxia da.
Txapelketa bat ere egin zenuten?
Bai. Bi urtetan jarraian txapelketa bat antolatu zen gaztetxean eta parte hartzaileak Gazte Asanbladako kideak ziren. Zortzi bat lagunek parte hartu zuten eta gaztetxea lepo bete zen. Parte hartzaile batzuk bertsozaleagoak ziren eta beste batzuk gutxiago, baina saiatuak ziren denak. Guk bertso eskola batzuk ematen genizkien txapelketaren aurreko bi asteetan. Ariketa batzuk lantzen genituen eta hala ateratzen ziren plazara.
Kalitate aldetik ez zen txapelketa nabarmena, baina publikoarentzat oso ona zen eta bertsolariek jartzen zuten gogoa itzela zen. Ez zuten inondik inora txapelketa txantxetan hartzen, sufritu ere egiten zuten oholtza gainean. Txapelketa haiek antolatu zirela zortzi bat urte izango dira.
Herri arteko desafioak hartu zituen ondoren gaztetxeak?
Bertso bazkaria egin ordez bertso desafioa egin zen urte batez. Bi gabiriarrek, Urretxuko eta Zumarragako beste bki eta Legazpiko bi bertsolarik parte hartu zuten.
Orainaldira etorrita, iaz lehenengo bertsolaritza tailerra antolatu zuten gaztetxean.
Bai. Hainbat tailer antolatzen ari zirela eta bertso tailerra egitea proposatu zuten. Hamabi bat lagunek izena eman zuten eta urrian abiatu genuen abendura arte.
Zein zen tailerrean parte hartu zutenen soslaia?
Bertso eskolan 17-18 bat urte dituzten neska talde batek parte hartu zuen. Ibilbidea bertso eskolan egin dute eta talde sendoa da. Orain, adinean aurrera doazenean gazte jendera iritsi dira. Tailerrean bertso munduarekin zerikusirik ez duten gazteek parte hartu zuten.
Etzi hasiko zarete gaztetxeko bigarren tailerrarekin. Zein da bertso eskolan edo gaztetxean aritzearen arteko ezberdintasuna?
Gaztetxean orain hasi eta abenduan amaituko dute. Astero ordubeteko saioa da eta ariketak parekoak diren arren, konpromisoa bestelakoa da eta gustura dabiltzanek beti daukate bertso eskolan jarraitzeko aukera. Bertso tailerra sortzeko gune bat da.
Bertso eskolan zein gaztetxean ari diren neska gazte talde hori aipatu duzu, erreleboa segurtatuta dago Legazpin?
Zalantzarik gabe. Legazpin ez da sekula hain talde bertsozalea egon, beraiek dira bertsoaren motorra eta denak emakumezkoak dira. Nerea Elustondotik hasita, zalantzari gabe Legazpin gaur-gaurkoz bertsoa emakumeena da. Ane Beloki talde horretako kidea da, nik aurtengo gaztetxeko tailerra berak ematea nahi nuen, baina unibertsitatean hasi da eta ez dauka erraz.
Euskal Herriko txapelketa martxan da. Faboritorik?
Miren Amuriza.