Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoan sartu da Nerea Elustondo (Legazpi, 1981). Maulen (Zuberoa) kantatuko du bihar beste bost kantukideekin batera.Txapelketa Nagusian aritzen zaren hirugarren aldia da.Bai, hiruetan iritsi naiz finalerdietara. ...
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoan sartu da Nerea Elustondo (Legazpi, 1981). Maulen (Zuberoa) kantatuko du bihar beste bost kantukideekin batera.
Txapelketa Nagusian aritzen zaren hirugarren aldia da.
Bai, hiruetan iritsi naiz finalerdietara. Orain bi urte Gipuzkoako txapelketan Euskal Herrikorakoa txartela lortu nuen finalerako sailkatu ez arren.
Biharkoa txapelketa honetako bigarren saioa duzu.
Bai, Seguran lehenengo kanporaketa jokatu nuen. Gustura geratu nintzen, nahiz eta hanka-sartze handi samarra egin nuen. Izan ere, nigan halakoetan hondoratzeko joera gailentzen da eta Seguran egoera kontra jarri zitzaidanean buelta eman nion. Horrek gustura utzi ninduen.
Euskal Herriko txapelketan ez dago hanka sartzeko tarte askorik. Hamabost bertso egin behar dira eta kantukideak oso onak izaten dira. Hankasartzeak, beraz, garesti ordaindu ohi dira.
Hanka-sartze baten adibidea jarriko zenuke?
Bertsolariontzat poto egitea mamu handia da, puntu bera bi aldiz erabiltzea, alegia. Seguran lehenengo puntuan hanka sartu nuen eta erdi isildu nintzen. Nik uste du, egin ditudan bertso guztien artean hura txarrenetakoa izan zela; zeroko bertso bat kasik.
Alabaina, atera nintzen. Bertsolarion kontsigna da isilik ezin garela geratu mikro aurrean, are gutxiago Euskal Herriko txapelketan. Beste noizbait, beharbada, Segurako bertso haren ondoren hondoratu egingo nintzen eta amore emango nuen. Aitzitik, ez nuen halakorik egin, egoerari buelta eman nion eta gainera sailkatu egin nintzen.
Bertsotan horrenbeste urtez aritu izanak ere lagunduko zizun, ezta?
Hamahiru urterekin hasi nintzen eta eskarmentuak alde batetik laguntzen dizu eta bestetik ez. Esperientziak laguntzen du, jakina, baina mamuak handitu ere egiten ditu. Hemezortzi urterekin mamu gutxiago nituela iruditzen zait.
Oholtzan egoten ikasten den arren, ez zara inoiz erabat lasai egoten. Nago, hala ere, erabateko lasaitasuna ez dela gomendagarria. Beraz, tentsio puntu bat behar da, baina beti ere blokeoraino iristen ez den tentsioa.
Bihar Maulen kantatuko duzu.
Bai, Maulek daukan alderdi erromantiko hori eta guzti. Kanporaketa hara asteburu pasa joateko aitzakia ere bada. Bihar gozatu eta gaur… Tira, gaur gozatzea ez da hain erraza izango biharko mamuak hor bueltan izango ditugulako.
Zer diozu zure kantukideei buruz?
Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Beñat Iguaran eta Etxaun Lekuerekin kantatuko dut. Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldunak dira batzuk eta denak ere kantukide onak. Saio ona ateratzeko moduko kartela da. Ea zer nolako eguna daukagun eta ea gaiak ere.
Gaiek zer esan handia dute, ezta?
Batzuetan zuretzako modukoak albotik pasatzen ikus ditzakezu… Dena dela, gaiak jartzea lan zaila dela uste dut. Batez ere, Euskal Herriko txapelketan sekulako lana daukate gaiekin eta gure lana egokitzen zaizunarekin bertsoa egitea da.
Kantukide batzuekin beste batzuekin baino kimika gehiago sortzen al da?
Zenbat eta gehiago ezagutu errazago komunikatu zaitezke edo ez. Bertso saioetan zoriaren esku gauza asko geratzen direlakoan nago, akaso gehiegi.
Zein da zure helburua biharko saioan?
Parte hartzen dugun guztiok ahalik eta saio gehienetan egon nahi dugu, saio bakoitza plaza bat da. Niri saio on bat egitea gustatuko litzaidake, norbera gustura geratzen den saio horietakoa. Nire aukeren barruan saio on bat egin nahi dut, horrek beste saio bat izatea baliatzen badit, ongi etorria izan dadila.
Azkenaldian ez zara Legazpin bizi. Non eta nola ari zara lehiaketarako entrenatzen?
Donostia inguruan lan egiten dut eta bertan bizi naiz orain urte eta erditik. Hernaniko Bertso Eskolan prestatzen ari naiz txapelketa eta luxu bat da.
Zer ematen dizu bertsolaritzak?
Ez dakit hitzez azaldu daitekeen. Ez da bakarrik kantatzearen ekintza, bertsolaritza bizimodu bat da. Euskararekiko konpromisoa, oholtzara biluzik igotzea eta inprobisatzea da. Euskal Herriko toki pila batetara iristeko, jende asko ezagutzeko eta harreman asko sortzeko aukera ematen dizu. Mamuak ere badaude, baina funanbulismo horretan asmatzen duzunean orgasmikoa da eta asmatzen ez duzu-nean desagertu nahiko zenukeen arren, konpentsatzen du.