Lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatzen ari da Oihana Iguaran, eta finalerako txartela eskuratzeko borrokan iritsi da azkeneko saiora. Bihar Iruñean kantatuko du.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa jokatuko da bihar Iru-ñean, Anaitasuna kiroldegian, 17:000etan. Oihana Iguaranekin batera (1991, Amasa-Villabona), Aitor Sarriegi beasaindarra, Aitor Mendiluze, Miren Amuriza, Unai Agirre eta Alaia Martin ariko dira abenduaren 17ko finaleko aulkiak eskuratzeko lehian. Orain arteko puntuazioa ikusita gainera, ia guztiek dute BEC-eko txartela lortzeko aukera. Bihar argituko da Amets Arzallusekin batera finalean izango diren beste zazpi bertsolarien zerrenda.
Lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzen ari zara eta finalera sartzeko aukerarekin iritsi zara azkeneko saioraino.
Hala ematen du bai. Orain ematen du Iruñeko saiora finalera begira joan behar dela erabat, eta noski, saiatu, saiatuko naiz, eta sekulako gogoa daukat astindu bat emateko, baina orain dela bi urte esan balidate Euskal Herrikoan kantatuko nuela, ez dakit sinetsi ere egingo nuen. Harrigarria, ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Orain ikustea, ez Euskal Herrikoan parte hartzea bakarrik, finalaurrekoetan, azken saioraino iritsi naizela… Atzera begiratuta, ikusten dut oso bide polita izan dela eta oso pozik nago honaino iriste hutsarekin.
Aurretik bi kanporaketa saiotan kantatu duzu: Leitzan irabazi egin zenuen, eta Durangon ez zenuen hainbeste gozatu.
Sentsazioak izaten dira askotan. Leitzan gozatu egin nuen, baina Durangon ezin izan nuen; nire burua oso-oso estu somatu nuen hasieratik, ezinean ari nintzen bertsotan. Durangon hobetzeko gauza asko utzi nituen, estu samar ibili nintzen, eta horri buelta eman nahi diot. Leitzan sentitu nuen sentsazio on hura berreskuratu nahi dut bihar Iruñean.
Iruñeara gozatzera zoaz, beraz.
Gozatzera eta ospatzera noa, egindako ibilbidea ospatzera. Oso egun polita izango da nire ustez. Tentsioa egongo da, baina ea saio on bat joaten den, bixia, erritmo onarekin… eta gero ikusiko dugu.
Iruñean kantatuko duzuen gehienok, finalerako txartela lortzeko aukera duzue. Presioa nabarituko da?
Pena pixka bat ematen dit, orain jendeak zenbakietan ikusten gaituelako. Nire esku dagoena bertsoa da, puntuak beste batzuek jartzen dituzte; nik nirea egingo dut ahalik eta ondoena.
Saioan hiru gizonezko eta hiru emakumezko ariko zarete.
Plazan gero eta neska gehiago dabiltza, eta txapelketa, zentzu horretan, pixka bat atzetik dator. Txapelketan kosta egin da plazan egin den aldaketatxo hori ikustea.
Belaunaldi berria ere indartsu sartu da; Nerea Ibarzabal eta zu zeu adibidez.
Nereak ere Bizkaiko txapelketan eman zuen kolpetxoa. Maialen Arzallus banekien nola zebilen, Miren Artetxe publikoan hazten ikusteko gogoa neukan… Azkenean guk geuk badakigu bertsolariak zein mailatan dabiltzan. Baina txapelketan ikusita, askotan deskubrimendutzat hartzen da. Nerea txapelketako gazteena izan da aurten 23 urterekin, eta gero ni izango naiz, 26 urterekin. Jendea harrituta utziko genuen, baina gu oraindik ibilbidea egiteko gaude. Oraindik haziko gara bai pertsonalki, eta gora gora begira badaukagu bidea egiteko. Nik uste dut sekulako maila dagoela atzetik. Baina finalari begiratzen diozu, eta zenbat kostatzen den horko jendea aldatzea!
Unai Iturriaga izena jarri dioten aulkia aldatuko da bakarrik?
Azkenean izen horrekin gelditu da, ez baita ikusten jende on hori eroriko denik. Goian dauden izen horiek zerbaitegatik daude hor goian, eta ikusi dugun bezala, hor mantendu dira.
Erakusleiho onak dira txapelketak?
Neurri batean bai. Gipuzkoako txapelketan kolpetxo bat gora egin nahi nuen, jendeak gai nintzela ikusteko. Nahiz eta gazte mailako txapelketak irabazi, zaila da plazan sartzea. Bertso eskolan egindako bidearekin ikusten nuen baneukala maila hor ibiltzeko, eta bidea falta zitzaidan, nola iritsi horra. Gipuzkoako txapelketa zentzu horretan hartu nuen eta zorionez oso ondo joan zen. Horri esker plazan aritu naiz. Orain, plazan ikasi dudan horren erakusleiho bihurtzea nahi nuen txapelketa nagusi hau, Gipuzkoako txapelketatik ere gora egin dudala erakutsi nahi nuen. Horrezaz gain, gozatu ere egin nahi nuen, umetatik ametsa delako hor kantatze hutsa. Une batzuetan lortu dut gozatzea, eta beste batzuetan ez, ea Iruñekoan pixka bat gora egiten dugun.
Biharko saioa bukatu eta BEC-eko zortzigarren aulki hori zurea dela entzungo bazenu…
Buaah!! Sekulako poza, gogoa…. Baina zentratu gaitezen saioan, saioa egin, egin behar da eta. Ezinezkoa ez da, baina nire esku bertsoak egitea dago. Ahalik eta ondoena egingo dut, baina beste faktore asko daude. Ikusiko dugu. Kosta egiten zait imaginatzea zer sentituko nuen. Baina argi daukat Iruñean ospatu egingo dudala lagunekin.