Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko du igandean Barakaldoko BEC-en Aitor Sarriegik (Beasain, 1976) hirugarren aldiz. Igandean agur esango die beasaindarrek txapelketei.
Igandean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren final handia jokatuko da Barakaldoko BEC-en. 14.600 bertsozaleren aurrean, zortzi bertsolari arituko dira lehian: Aitor Sarriegirekin batera, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Sebastian Lizasok jantziko dio txapela txapeldunari.
Zein gorputzaldirekin iritsi zara finalera?
Momentuz lasai, igandean beste gauza bat izango da. Txapelketaren hasieran finalerako txartela eskuratzea zen helburua, baina batik bat lehenengo bueltan sailkapenean horrela kolokatuta nengoenez, erdi obligazioa ere bazen nire buruarentzat finalerako txartela lortzea. Lasaitu handia hartu nuen Iruñean.
14.600 pertsonaren aurrean kantatu beharko duzue.
Inpaktu bisuala badago, badu bere eragina, eta batik bat, txaloa zein distantziatan mugitzen den. Baina hori baino gehiago da horren oihartzuna, han egingo duzunaren eta egingo ez duzunaren oihartzuna, espektatibak bete edo ez bete, nola erantzungo duzun… Horrek tentsio gehiago sorrarazten du.
8 urtean hirugarren aldiz izango zara BECeko finalean. Zertan aldatu da Aitor? Eta zertan aldatu da zure bertsokera?
Bertsokera baino, ni gehiago aldatu naiz beharbada. Hasierako txapelketetatik bai, aldatu da nire bertsokera. Lehen, era obsesiboan zaintzen nuen hizkuntza, errima estua eramatea… Ber- tsoaren arlo estetikoari gehiago begiratzen nion. Orain, zoritxarrez, hor narrastuta nabil. Beste gauza batzuei begira hasten zarenean, galdu egiten dira beste gauza batzuk. Txirrindularia ere erlojuz kontrakorako prestatzen hasten denean, aldapa gora okerrago ibiltzen da. Niri gustatuko litzaidake, igande honetatik hasita, eta ez txapelketan bakarrik, plazan ere bai, lehengo bertsokera hura berreskuratzea; aurrera egin dudan tokietan atzera egin gabe, baina galdu dudan horretatik pixka bat berreskuratzea. Final batek, gainera, eskatzen du txukuntasun bat.
Txukuntasuna esaten duzu-nean, zer esan nahi duzu?
Errima egokiak sartzea, ez betiko errima taldeak erabiltzea, bertsoan zehar esaldi hutsen ordez gauza gehiago kargatzea… Nire buruarekin zorrotzagoa izatea horrelako gauzatan. Gauza batzuetan asmatu dut, agian sekula baino gehiago, baina beste gauza batzuetan oso justu ikusi dut nire burua.
Bertsozaleak zeureganatu dituzu bakarkako saioekin.
Aukera horietan asmatu dut oraingoz. Beldurra ere ematen dit espektatiba izateak, beti ez dakidalako zer egin behar dudan. Zortea izan dut, bereziki bi bakarkakoetan tokatu zait nahiko egoera xelebretik hartzea. Sekula ez naiz izan hain jendearengana erraz iristen naizena, eta gustura nago. Baina gustatuko litzaidake finalean bertsotan finago eginda jendearengana iristea.
«Erdi obligazioa ere bazen finalerako txartela
lortzea. Lasaitu handia hartu nuen Iruñean»
«Bertsoaren estetikari gehiago begiratzen
nion lehen; orain hor narrastuta nabil»
Bertso lagunak goi mailakoak izango dituzu.
Finalerdietan bezala, horretan ez dago arazorik. Arazoa izaten da oso zaila dela zortziek egun ona edukitzea. Bertsolari bakoitzaren momentuak, gaiak, zenbatgarrena zaren kantatzen… zerikusi handia dute. 2009an Maialenek irabazi zuen nirekin kantatu ez zuelako. Orain dela lau urte ere Ametsek ez zuen nirekin kantatu. Nirekin kantatzen ez duenak irabazten du [irribarrez].
Kantatzen lehenengoa edo azkena izateak badu eraginik?
Ni saiatzen naiz garrantzirik ez ematen horri, baina ertzak dira beti txarrenak. Goizean ez nuke nahiko azkena izatea, jendeak sekulako gogoa izaten duelako bazkaltzera joateko, eta azkenekoaren bakarkako lana ez da berdin entzuten. Zenbakia baino gehiago da nola doan saioa. Aurretik ofiziotako hiru saio on egon badira, zurea hain txarra ez izanda ere, ez bada iristen aurrekoen mailara, okerragoa dela dirudi… gauza horiek eragina dute.
Txapeldunari buruzko kinielak egiten dira horrelakoetan. Zein du zurea?
Txapela nork irabaziko duen ez dut esango, baina buruz burukoa diferentea izango da, aurreko bietatik.
Azkeneko txapelketa izango duzula esana duzu aspaldidanik. Aurten Unai Iturriagaren izeneko aulkia famatua egin da, nork beteko ote zuen. Hemendik lau urtera, Aitor Sarriegiren aulkia ere hutsik geratuko da.
Agian ez da bakarra izango. Ez daukat informaziorik baina igual ez da bakarra izango. Nik uste dut datorren txapelketa asko aldatuko dela, bai finala eta baita finalaurrekoak ere.
Iruñean finalerako txartela lortu zenuenean lasaitu ederra hartu zenuela nabarmendu zenuen. Txapelketa utzitakoan hartuko duzu hurrengo lasaitua?
Txapelketaren fasea bukatuko da eta nik antzemango dut, eta ingurukoek eta ikasleek ere bai. Ni aurten nahiko lasai sentitu naiz oholtzan, baina aurreko hilabetean eta asteetan nahiko gorabeheratsu ibili naiz. Oraintxe logurea, oraintxe logurerik ez, oraintxe gosea, oraintxe goserik ez… Loa ez dut galdu aurten, aurreko urteetan bai, baina nahastuta ibili naiz. Seguru hurrengo txapelketan inbidia pasatuko dudala, handia gainera. Baina zortea izan dut, zapore onarekin bukatzeko aukera izan dut eta.