Gaur hasiko da Gipuzkoako Eskolarteko bertso txapelketa
Gipuzkoako Eskolarteko bertso txapelketan 27 gazte arituko dira. Gaur hasiko da Zestoan lehia eta martxoaren 16ra arte luzatuko da lehen fasea. Iaz bezala, afari formatuan izango dira kanporaketak, eta finala bera ere, apirilaren 2an izango dena, modu ...
Gipuzkoako Eskolarteko bertso txapelketan 27 gazte arituko dira. Gaur hasiko da Zestoan lehia eta martxoaren 16ra arte luzatuko da lehen fasea. Iaz bezala, afari formatuan izango dira kanporaketak, eta finala bera ere, apirilaren 2an izango dena, modu berean erabakiko da.
Bertsolariek egin beharreko lana zehaztu dute jada. Hasierako eta amaierako agurrez gain, lau ariketa burutuko dituzte: zortziko txikian bertso bat; binaka, zortziko handian bina bertso; hiruna kopla trikitixaren laguntzarekin, hirunaka jarrita; eta bakarka, puntu bati erantzuna eta gaia emanda bertso bat.
Goierritarren ordezkaritza
Sei goierritarrek hartuko duteparte aurtengo Gipuzkoako Txapelketan. Gaur bertan hasiko da lanean Zestoan, Maide Garmendia Jauregi zaldibiarra. Otsailaren 23an, Oier Ibarzabal Otaegi arituko da Oñatin. Martxoaren 2an, Orion, Itziar Mendia Urrutiaren txanda izango da. Ereñotzun, martxoaren 9an Kepa Galparsoro Munduatek lehiatuko du. Azkenik, martxoaren 16an Anoetan, Hodei Munduate Etxeberriak eta Maddi Aiestaran Iparragirrek abestuko dute.
Idatzizko lehiaketa
Bailaraka antolatutako zortzi saio izango dira idatzizkoan. Ohikoa den bezala, gaia eman eta bertsoak sortzen arituko dira gazteak. Horietako saio bat Zumarragan izango da, martxoaren 9an hain zuzen ere.