Euskararen balioez hitzaldia eginez hasiko du Maizpide euskaltegiak 30 urteen jaia

Garbiñe Mendizabal, Andoni Egaña eta Marian Bidegain bihar mintzatuko dira. Kantu-jirarekin herriratuko dute ospakizuna, datorren astean. 1988an inauguratu zuten barnetegi-egoitza
OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Maizpide euskaltegiko klase bat, jubilatuen ikastaro berezi batean // Aimar Maiz

Lazkaoko Maizpide euskaltegiak sorreraren 30. urteurrena ospatuko du, apirilean zehar, hiru ekitaldirekin. Bihar izango da lehenengoa, Euskararen indarra eta balioa goiburudun mahai-ingurua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal zaldibiarra, Andoni Egaña bertsolaria eta idazlea, eta Maizpiden sorreratik irakasle den eta 15 urtean zuzendari izan zen Marian Bidegain gabiriarrak mintzatuko dira. Bihar 19:00etan da solasaldia, Maizpiden. Ondoren mokadutxoa aterako dute.

Beste hitzaldi bat ere antolatu dute. Pili Kaltzada kazetariak euskal kontzertu ekonomikoari buruz hitzaldia egingo du, apirilaren 24an, 11:30ean, euskaltegian bertan.

Festa ‘herrikoia’, 26an

Egitaraua borobiltzeko, eta Lazkao festa-giroan murgilduxea izango dela baliatuz, ospakizuna herrikoitu ere egin nahi dute Maizpideko arduradunek. Kantu-jira bat prestatu dute horretarako, Lazkaoko kalean barrena. Apirilaren 26an izango da, iluntze parteko pintxo-poteo garaian. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuko du.

Maizpide euskaltegi-barnetegia 1988an zabaldu zuten. Ikastaroa emateko, lehenengo eguna apirilaren 4a ireki zuten. Inaugurazio-ekitaldia, berriz, apirilaren 23an egin zen. Aurrez Goierriko Euskal Eskolak egiten zuen helduen euskalduntze-alfabetatze funtzioa egituratu zuen, barnetegi eran. Azpiegitura garrantzitsua sortu zuten. Harrezkero, euskara ikasteko erreferente nagusi bihurtu da, Euskal Herri osoan. Baita diasporan ere: Hego Amerikan 30 bat ikasle ditu, on-line motan.

Gaur egun, 27 irakasle ditu Maizpidek (sukaldari eta garbitzaileak aparte). Iaz, urte osoan 1.500 matrikula izan zituen.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend