Bertsoaren eta irudiaren sariak
Beasaingo Bertsomovieda lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute ostegunean. 'Emakumeak meatzari' ikus-entzunezkoak helduen eta publikoen sariak eskuratu dituBertsoa eta irudia oinarritu dituen zazpigarren Bertsomovieda amaierara iritsi da; dato...
Beasaingo Bertsomovieda lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute ostegunean. ‘Emakumeak meatzari’ ikus-entzunezkoak helduen eta publikoen sariak eskuratu ditu
Bertsoa eta irudia oinarritu dituen zazpigarren Bertsomovieda amaierara iritsi da; datorren ostegunean, hilaren 3an, 19:30ean, Igartzako jauregian egingo dute sari banaketa ekitaldia. Hamar ikus-entzunezko lan aurkeztu dituzte guztira; hiru helduen mailan eta zazpi gaztetxoen mailan. Antolatzaileen esanetan, «aurtengoak ere eman du berea eta aurreko edizioetan bezalaxe ez dugu lan makala izan epaia erabakitzerako orduan! Beste behin aniztasuna nagusitu da jasotako lanen artean eta horrek epileen lana zaildu arren aberastasuna eman dio zalantzarik gabe lehiaketari».Euskara, bertsoa eta sorkuntza uztartzen ditu Beasaingo lehiaketak eta 2.500 euro banatuko ditu saritan. Helduen mailako saria 1.000 euro Marruka Portugaleteko Proiektu Komunikatibo Herrikoia taldeak jasoko du, Emakume Meatzariak lanagatik. Gazteen mailakoa, berriz, Nafarroara joan da; Lesakako bertso-eskolako ikasleen Berdin Eskubideetan lanak, 300 euro jasoko ditu. Bertsorik onenak ere saritzen dituzte eta aurtengo edizioan Txakur Gorria taldearen Dastatu ikus-entzunezko lanak saritu ditu epaimahaiak, 250 euroko sariarekin.
Bi aipamen sari ere banatuko dituzte aurten, 200na euroko bi sari: kasu honetan, Txakur Gorriaren Dastatu lanak eta June Agirrebaltzategi Durana, Itsaso Etxaburu Goikoetxea eta Maialen Vicente Apiñanizen Zertarako ezkutatu lanak jasoko dute.
Publikoaren saria
Ikusleek ere beraien iritzia emateko izaten dute Bertsomovieda lehiaketan, pasa den astean lanik gogokoenari botoa emanez. Aurtengoan, Emakume Meatzariak lanak jaso ditu botorik gehien, 738 puntu. Epaimahaiaren eta ikusleen iritzia bat etorri da beraz, aurten.