Euskarabentura martxan hasteko prest

Uxue Arrese eta Uxue Barreros espediziorako aukeratu dituzte. Astelehenean Maulen hasi eta uztailaren 31n Getxon amaituko da. Uztailaren 16an Zerainera iritsiko dira

euskarabentura

Igandean, Zuberoako hiriburura, Maulera, iritsiko dira Euskarabentura espedizioa osatzen duten 2001 eta 2002 urteetan jaiotako Euskal Herriko 110 gazteak. Hurrengo astelehenean hasita, Euskal Herria zeharkatuko dute Donejakue bide desberdinei jarraituz; 783 kilometro egingo dituzte, horietatik 483 oinez. Uztailaren 31n, Getxon (Bizkaian) amaituko da. Goierritik ere pasatuko da Euskarabentura espedizioa: uztailaren 16an Zerainera iritsiko da San Adriandik barrena. Hurrengo egunean, Tolosara joango dira.

Euskal Herriko herrialde bakoitzeko biztanleriaren araberako gazteen presentzia bermatu nahi izan du Euskarabentura elkarteak, «euskalduntasun eta euskalki ezberdinak batuz». Honela, taldearen gehiengoa, % 45 bizkaitarra izango da, % 22 nafarra, % 18 gipuzkoarra, % 11 arabarra, eta Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beheretik bana. Diasporako beste bi lagun ere izango dira, Washingtongo (AEB) eta Patagoniako (Argentina) gazte bana. Espediziokide izateko, lan bana aurkeztu behar izan dute gazteek (itsasoa, mendizaletasuna eta euskara gaien inguruan), eta hortik egin dute aukeraketa.

Bi goierritar espedizioan

Aukeratutako 110 gazte horien artean bi goierritar daude: Uxue Arrese beasaindarra eta Uxue Barreros lazkaotarra. Arresek itsasoari buruzko lana aurkeztu zuen eta Barrerosek euskararen ingurukoa. Aurten beraz, uda desberdina bizi izango dute eta pozik, ilusioz eta urduri daude bi gazteak. Pozik, aukeratuak izan direlako; esperientzia berri bat bizitzeko ilusioa dutelako; eta urduri, bakarrik joango direlako eta lehenengo aldiz hartuko dutelako parte horrelako ekintza batean. Mendizaleak dira eta ibiltzen ohitutakoak dira biak, baina Arresek badu kezka bat, oinez segidan hainbeste ibili gabekoa delako: «Hankak zaintzeko gomendio asko ematen ari zaizkigu antolatzaileak. Baselina eramateko, galtzerdi lodiak janzteko…». Hala ere, espedizioan medikua, erizaina eta fisioterapeuta lagun izango dituzte.

Harremanak sendotzeaz gain, Euskal Herriko ondarea ezagutzea ere bada Euskarabenturaren helburua. Goierriren kasuan, esate baterako, San Adrian ezagutuko dute Zerainera iritsi aurretik.

Sormenerako lekua ere izango dute eta espedizioaren amaieran, taldeka, espedizioan zehar bizitakoak eta ikasitakoak jasoko dituen ikuskizun bat osatu beharko dute, gurasoei aurkezteko.

Ekarpen bat

Utzi ekarpen bat

*

*

  • Euskarabentura komunikabideetan – EuskarAbentura
    12 iraila 2018 at 8:59 - Reply

    […] 2018/06/29: “EuskarAbentura martxan hasteko prest” […]

  • Send this to friend