Xabier Berasategik Gran Prix Chiriqui Klasikoa irabazi du Panaman
Xabier Isasa urretxuarra bigarren izan da eta Gari Ugarte legazpiarra hamaikagarren. Olaberriarrentzat bere lehen garaipen profesionala da, zazpigarrena taldearentzat 2026an.
Xabier Isasa ezkerrean eta Xabier Berasategi erdian. Euskaltel-Euskadiko Goierriko txirrindulariek erakustaldia eman dute Panamako Gran Prix Chiriquin Klasikoan. Olaberriko Xabier Berasategik irabazi du lasterketa eta bigarren postuan sartu da Xabier Isasa urretxuarra. Gari Ugarte legazpiarra ere protagonista izan da.
Hamaika txirrindularik osatutako multzo batek, bost laranjekin, lasterketa lehiatu du, 170,5 kilometrokoa David eta Las Lomas hirien artean. Gari Ugarte saiatu da, baina azkenean garaipena esprintean erabaki da; Berasategik bere maila azaldu du garaipena poltsikarazeko; Isasa, Muñoz, Gotzon Martin eta Gari Ugarte taldekideak, berriz, bigarren, laugarren, hamargarren eta hamaikagarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
Lasterketa baldintza gogorretan jokatu da gainera, 37 gradurekin eta hezetasun itogarriarekin. Euskaltel-Euskadiren esanetan, “emaitza kolektibo izugarria eta 93 UCI puntu gehiago. Azken egunera arte, dena ematen”.
Berasategirentzat profesionaletako lehen garaipena izan da Panamakoa. Laugarren denboraldia du Euskaltel-Euskadi taldean, eta beste bi denboraldirako berritu zuen orain dela gutxi.
Txirrindulari talde berak, Jorge Azanzaren zuzendaritzapean, Chiriqui Probintzia Klasikoari (2.2) ekingo dio asteburuan, bi etapatan, larunbatean eta igandean.
















