Ekhi Irribarria eta Beñat Garmendiaren garaipenak munduko txapelketan
Euskal Selekzioarekin jokatzen ari dira aramarra eta beasaindarra. Irribarriak banaka jokatu du eta Garmendiak binaka.
Eskuzko selekzioa. Tartean dira Beñat Garmendia (ezkerretik hirugarrena), Ekhi Irribarria (eskuinetik hirugarrena) eta Beñat Azketa (eskuinetik lehena).Irekia Munduko pilota txapelketan Ekhi Irribarria aramarrak eta Beñat Garmendia beasaindarrak lehen norgehiagokak jokatu dituzte.
Banakako esku pilotan, Ekhi Irribarriak 10-3 eta 10-1 irabazi dio Frantziako selekzioko Itoizi. “Lehen tantoak tentsio handikoak izan dira, aurkari oso erasokor baten aurrean, eta Ekhi urduri atera da, kantxan askatu ezinik. Hala ere, hasieratik izan du markagailua alde, eta gero eta hobeto sentitu da. Pixkanaka jokoan gehiago sartu da, azken txanpan maila igo du, eta partida sendo irabazi du”.
Binakako esku pilotan, berriz, Beñat Garmendia beasaindarrak Eñaut Lizeagarekin osatu du bikotea, eta 10-3 eta 10-4 irabazi diete Guero eta Kevin mexikarrei. “Hasiera gogorra izan da: mexikarrak bete-betean sartu dira partidan, joko bizia eta efektuduna eginez, eta euskal bikoteak lehen oldarraldi horri eutsi behar izan dio. Hirunako eta launako berdinketen ondoren, Lizeagak eta Garmendiak partida hautsi eta hamargarren tantora iritsi dira jarraian. Lizeagak joko oso bizia egin du, boleaz min handia eginez eta pilotari abiadura handia emanez, Garmendiaren laguntzarekin. Atsedenaldiaren ondoren, gidoi berari jarraitu dio partidak: tanto borrokatuak hasieran, baina euskal pilotarien abiadurak euren alde jarri du lehia, eta 10-4 itxi dute bigarren seta”.













