Greba mugagabea hasi dute Lazkaoko Goian lantegian
Lazkaoko Elevadores Goian enpresako langileak greba mugagabean daude atzotik. Abenduaren 21ean zuzendaritzako bi kide kaleratu egin zituztela azaldu dute langileek, «gainerako lankideei enpresaren egoeraren berri emateagatik». Kaleratzeak «inolako arrazoirik gabe» egin dituztela salatu dute, eta bi lankideei babesa adierazteko greba mugagabea egitea erabaki dute. Abenduaren 21ean batzarra egin zuten langileek, eta orduan erabaki zuten mobilizazioekin hastea.
Eider Aseginolaza LABeko ordezkariak azaldu duenez, «ez du zentzurik zuzendaritzako bi kide kaleratzeak, hare gehiago, enpresan lan faltarik ez dagoenean». Kaleratuak izan diren bi kideek «enpresaren errealitatea» erakutsi dutelako erabaki dute gainerako lankideek protestekin bat egitea, eta hala jarraituko dute bi kideak berriro lanean hasten diren arte. «Kaleratuak izan direnak berriro lanera itzultzea eskatzen dugu, eta ondoren, barne mailan hizketan hastea proposatzen dugu».
Elevadores Goian enpresan 40 langile inguruk lan egiten dute, eta Grupo Jaso taldeko lantegietako bat da. Lantegi aurrean elkarretaratzeak egiten jarraituko dute greban emango duten denboran.