Azaroaren 26an hasita beste bost egunez festan murgilduko dira ormaiztegiarrak
San Andres jaietako lehen asteburua bukatuta, prest daude berriz ere ormaiztegiarrak festari heltzeko. Ostiralean, azaroaren 26an hasi eta asteartera bitartean ez da aspertzeko aukerarik izango. Ostiralean, azaroaren 26an, 18:00etan Ikurriña altxatuko dute eta suziriak ere botako dituzte jaien hasiera iragartzeko. Txindata musika eskolako trikitilari taldea ere bertan izango da eta baita buruhandiak ere. Arratsaldeko zazpietan ‘Eskubide guztiak guztiontzat’ lelopean kontzentrazioa egingo dute herritarrek eta 22:30etik aurrera Emon, Egurra ta Kitto eta Trikizio taldeen eskutik kontzertua izango da txosnetako karpan. Saio hori, Ormaiztegiko Udalak antolatu du Ormaiztegiko Gazte Asanbladaren laguntzarekin. Larunbatean mozorrotutako lagun taldeek hartuko dute protagonismoa. Lagun talde asko izango dira beraz, gai bat aukeratu, gaiari egokitutako mozorroak, osagaiak eta bestelakoak prestatu eta kalera irtengo direnak. Egun guztian zehar girorik onena jartzen duten taldeak saritu egingo dituzte. Horrela, 12 urtetik 16 urtera bitartekoentzat 150 euroko saria izango da eta 16 urtetik aurrerakoentzat berriz, 210 euroko saria. Epaia herritar desberdinek osatutako epaimahaiak emango du, urteroko moduan. Igandean, Ormaiztegiko XXIV. Odolki Lehiaketa, XIII. Odolki Osagaien Azoka eta Lehiaketa eta Ormaiztegiko odolkia osagaitzat duten plateren XI. Sukaldaritza Lehiaketa egingo dituzte herriko plazan, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Ormaiztegiko Odolkia osagaitzat duten plateren XI. Sukaldaritza Lehiaketan, herritarrek soilik parte hartu ahal izango dute. Platera igande eguerdiko [...]
San Andres jaietako lehen asteburua bukatuta, prest daude berriz ere ormaiztegiarrak festari heltzeko. Ostiralean, azaroaren 26an hasi eta asteartera bitartean ez da aspertzeko aukerarik izango.
Ostiralean, azaroaren 26an, 18:00etan Ikurriña altxatuko dute eta suziriak ere botako dituzte jaien hasiera iragartzeko. Txindata musika eskolako trikitilari taldea ere bertan izango da eta baita buruhandiak ere. Arratsaldeko zazpietan ‘Eskubide guztiak guztiontzat’ lelopean kontzentrazioa egingo dute herritarrek eta 22:30etik aurrera Emon, Egurra ta Kitto eta Trikizio taldeen eskutik kontzertua izango da txosnetako karpan. Saio hori, Ormaiztegiko Udalak antolatu du Ormaiztegiko Gazte Asanbladaren laguntzarekin.
Larunbatean mozorrotutako lagun taldeek hartuko dute protagonismoa. Lagun talde asko izango dira beraz, gai bat aukeratu, gaiari egokitutako mozorroak, osagaiak eta bestelakoak prestatu eta kalera irtengo direnak.
Egun guztian zehar girorik onena jartzen duten taldeak saritu egingo dituzte. Horrela, 12 urtetik 16 urtera bitartekoentzat 150 euroko saria izango da eta 16 urtetik aurrerakoentzat berriz, 210 euroko saria. Epaia herritar desberdinek osatutako epaimahaiak emango du, urteroko moduan.
Igandean, Ormaiztegiko XXIV. Odolki Lehiaketa, XIII. Odolki Osagaien Azoka eta Lehiaketa eta Ormaiztegiko odolkia osagaitzat duten plateren XI. Sukaldaritza Lehiaketa egingo dituzte herriko plazan, 11:00etatik 14:00etara bitartean.
Ormaiztegiko Odolkia osagaitzat duten plateren XI. Sukaldaritza Lehiaketan, herritarrek soilik parte hartu ahal izango dute. Platera igande eguerdiko hamabietarako udaletxera eraman beharko dute parte hartzaileek. Udaletxetik jakitera eman dutenez, partaideei dieta emango diete, platera prestatzen izandako gastuei aurre egiteko.
Plateren Sukaldaritza Lehiaketari dagokionean, bi sari banatuko dituzte: lehenengo saria eta aurkezpen onenaren saria.
Hurrengo eguna, astelehena, Haur Mozorrotuen Eguna izango da eta beraz, kolore eta forma desberdineko mozorroak soinean dituztela kalera irtengo dira Ormaiztegiko umeak. Goizean zein arratsaldean haurrentzako parkean ibili ahal izango dute Zubipe kiroldegian eta 17:30etik aurrera, askaria zerbitzatuko diete Ormaiztegiko Guraso Elkartearen laguntzarekin.
Asteartea San Andres Eguna
San Andres Eguna asteartea izango da. Eguerdi partean, Udalak Baso-Txulo elkartearen laguntzarekin hamaiketakoa zerbitzatuko du eta gero, herri kirol jaialdia izango da. Lau kirolarik aizkoran neurtuko dituzte indarrak eta Mikel Saralegik harri jasotze erakustaldia egingo du.
Jaiei bukaera emateko, bertso jaialdia antolatu dute arratsalderako, Zubipe kiroldegian. Amets Arzallus, Julio Soto, Aitzol Barandiaran eta Maialen Lujanbio arituko dira bertsotan 19:00etatik aurrera.