200 musikari eta dantzari inguru batuko ditu txistu kontzertuak, Zumarragan
Etzi izango da Beloki pilotalekuan, 19:30ean, Antzinako Ama txistulari taldeak urtero antolatzen duen txistu kontzertua. Berrehun musikari eta dantzari inguru igoko dira frontoiko oholtzara.
“Irailean hasi ginen kontzertuaren antolaketa lanetan, partitura batzuk guk ateratzen ditugu; moldaketa lan gehienak Xabier Barriolak egin ditu” dio Maria Jesus Arratibel txistulari taldeko kideak.
Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorriko dira txistulariak, Sekundino Esnaola musika eskolako abesbatza, Gorosbel metal boskotea, Goiargi korua, Edurne Iturbe trikitilaria, Irrintxi eta Lurra dantza taldeak, Arantzazu Mujika bibolin-jolea, Jabier Arratibel piano-jolea, Zuhaitzaren Soinua kolektiboko txalapartariak eta Iñaki Maritxalar, Jokin Garitano, Mirari Arratibel eta Xabier Barriola abeslariak izango dira taulatuan.
«Txistua topikoetatik haratago doala eta kontzertuaren lehenengo atalean ohiko formula baztertu eta Haize hegoa kantu herrikoia txistua, bibolina eta pianoarekin interpretatuko dugu. Txistu kontzertuetan errepertorio anitzak jorratu daitezkeela erakutsi nahi dugu». Bigarren atalean txistua beste musika-tresnen, dantzen eta ahotsen laguntzaile gisa aurkeztuko dute.