16 milioi inguruko aurrekontuak onartu dituzte Zumarragan 2011rako
Atzo iluntzeko osoko bilkuran 2011ko aurrekontuak onartu zituzten. Hamasei milioi eta ehun mila eurokoa da Zumarraga Lantzenen aurrekontua barne. Bestela, datorren urterako udal-aurrekontua 14.888.131 eurokoa da. Iazko aurrekontutik gertu dago eta egindako doikuntzak ditu ezaugarri. Aurrekontuak PSE-EEko zinegotzien eta PPkoaren baiezko botuekin onartu zituzten. EAJ kontra agertu zen eta EAko zinegotzia abstenitu egin zen. Bozketa egin aurretik sail bakoitzeko arduradun politikoak dagozkion aurrekontuei buruz aritu zen.
Pertsonalaren sailean ater behar zituzten bi plaza ez dituzte aterako, udaltzain plaza bat tarteko. Sei hilabete baino gutxiagoko bajak ez dituzte beteko eta aurreikuspenetan soldaten 3,3ko igoeraren aukera dago. Euskara, hezkuntza eta gazteria sailean Gaztetxoko berriaren irekiera, Euskal Herriko Ahotsak proiektua burutzea eta Zintzo Mintzo eta Goierriko Hitzari diru-laguntza bateratua ematea erabaki dute, EAko Ikerne Badiola zinegotzi arduradunak azaldu zuenez. Nekazaritza saila Badiolak kudeatzen du eta datorren urtean landa-bideak konpontzeko aurrekonturik ez dela egongo esan zuen “nahiz eta gu ados ez gauden”.
Gizarte zerbitzuetako aurrekontuetan larrialdietarako laguntzen aurrekontua jaitsi dute Eusko Jaurlaritzak hartuko duelako eskuduntza hori. Obra eta zerbitzuetarako “kontratatuta dituzten enpresekin jaitsierak negoziatu dituztela” esan zuen Fernando Fariñas zinegotziak, “gastuak doitu aldera”. Kirol eta kultur elkarteek % 5 gutxiago jasoko dute Udalaren aldetik, kultur eta kirol ekintzen aurrekontua igo egin dute, ordea.
Hirigintzari dagokionez, Mikel Serrano alkatea eta sail horren buruak “Antioko lanak udaberrian hasiko” direla esan zuen eta Badiola orrazi-fabrika zegoen gunean helduentzako parkea jarriko dutela. “Aginagan frontoia eraikitzeko asmoa” dutela ere igarri zuen alkateak. “Aurrekontuen xedea gutxiagorekin gehiago egitea da”.