Beasainen Ezker Abertzalearen legalizazioa eskatu dute gaur eguerdian. Euskal Herri mailan egindako ekintza izan da eta Beasainen izan du bere isla. Astelehenean, Lokarrik Bilboko Euskalduna jauregian deitutako ekitaldian, Ezker Abertzaleak asteazkenean Madrilen erregistratuko duen alderdi berriaren estatutuak aurkeztuko ditu eta asteartean alderdi berriaren izena iragarriko dute.
Gaur eguerdian Odolki Kofradiaren 26. Kapitulua ospatu dute Beasainen. Txolarteko boluntarioak eta Oscar Terol izendatu dituzte Ohorezko Kofrade. Ekitaldian hamabost kofradia inguruk parte hartu dute, gehienak Euskal Herrikoak. Kantabriatik etorritako gaztaren kofradiako kideak ere Beasainen izan dira. Joxe Felipe Auzmendik egin ditu aurkezpen lanak eta Patxi Plazaola alkateak Odolkiaren Kofradiako lehendakari gisa hartu du hitza eta “Beasainen izena nonahi zabaltzeagatik eskerrak eman” dizkie Beasaingo Odolki Kofradiako kideei. Bide batez, Txolarteko kideei egiten duten lana aitortu die “beasaindar guztien izenean”. Auzmendik, bere aldetik, Beasaingo Txolartea 1982. urtean ireki zutela gogoratu du, eta adimen urritasuna dutenekin musutruk lan egiten duten monitoreen izenak esan ditu, guztiak neskak. Auzmendiren arabera Oscar Terol umoregileak “donostiarra bada ere, askotan egiten du gurera nahiz eta hiriburutik herrietara egitea ohikoa ez den”. Ohorezko kofradeek Beasaingo Odolkien enbaxadore izango direla zin egin dute eta hitza hartu dute. Txolarteko boluntarioen izenean monitoreetako batek ondokoa esan du: “Bihotza betetzen zaigu gure lana egitera goazenean eta beasaindar guztiei gogoratu nahi diegu non gauden”. Terolek “Txolarteko kideekin kofrade izendatzea ohorea” dela esan du.
Beasainek Baskoniaren kontra jokatu du gaur etxean eta 1-0 irabazi du. Lehenengo zatian beasaindarren esku egon da partida, baina ez dute bizkaitarren atera iristea lortu. Bigarrenean, 62. minutuan, Arregi eta Endikaren arteko jokaldi batean zelaira sartu berri zen Oruerengana iritsi da baloia eta buruz sartu du etxekoei garaipena eman dien gola. Azken hamar minutuetan Baskoniak presionatu egin ditu beasaindarrak, hala ere, ez da aldaketarik egon markagailuan eta hiru puntuak etxean gelditu dira.
Azken txanpan dira Idiazabalgo San Blas jaiak, urtarrilak 29an hasi eta bihar bukatuko dira. Gaurkoan patata tortila lehiaketa egin dute, hirugarrena. Plazan jarritako karpan tortilak egiten aritu dira dozena erdi talde inguru eta ondoren bazkaria iza...