Euskal Herriko Itzuliaren lehenengo
etapa Zumarragatik aterako da apirilaren 4an. Egunaz behar bezala
gozatzeko, ikasleek jai izango dute.
Euskal Herriko Itzulia Zumarragan hasiko da aurten. Lehenengo etapa hasi eta bukatu egingo da bertan eta bigarrena Zumarragatik aterako da Lekunberrin amaitzeko. Mikel Serrano alkateak Goierriko Hizari adierazi dionez ”Hezkuntza sailarekin eta eskolekin hitz egin dugu eta ikasleek jai izango dute apirilaren 4an”.
Egun horretan ”herriko zirkulazioa itxita egongo da eta umeen garraioa zaila izango da. Haurrek gozatzeko eguna ere badela” uste dutela esan du alkateak.
Zumarragan hasiko diren bi etapen logotipoa ere aurkeztu dute jada. Urretxu-Zumarragako Ikastolako Aitor Corcuerak egin du. Udalak logotipoa bilatzeko lehiaketa martxan jarri zuen eskoletako haurren artean eta 90 bat ikaslek hartu dute parte.
Udalak Euskal Herriko Itzuliko bi etapen inguruan plazaratzen dituen eskuorri guztietan jarriko du logotipoa, eta dagoeneko irudi hori daraman mila pin atera dituzte. Aitor Corcuerak, sari gisa, bi etapak zuzenean jarraitzeko aukera izango du, antolakuntzaren auto batean joango baita.
Itzuliaren inguruan, Goierriko zikloturistek
0 Etapa antolatu dute, apirilaren 3rako. Horrekin batera, ”DV pilota txapelketako finalak Zumarragan izango dira doan”, azaldu du Serranok. Itzulirako babesleak bilatzen ari den pertsona bat ere kontratatu zuten eta ”gure aurreikuspenen arabera, ez da udalarentzat gasturik egongo Euskal Herriko Itzulia dela eta”.
600 lagunetik gora 0 Etapan
”Euskal Herriko Itzulia Zumarragan hasten delako”, Goierri zikloturista taldeak
0 Etapa antolatu du. Itzuliaren lehenengo etapa beteko dute, ”parte hartzaileek 150 kilometroko etapa egiteko aukera izango dute”. Zumarragatik bi aldiz igaroko direnez, hala ere, nahi duenak 50 kilometroko etapa egiteko aukera ere izango du. Iñaki Urdangarik antolatzaileak
Goierriko Hitzari esan dioenez, ”600 lagunetik gora espero ditugu. Izen ematea zabalik dago
goierrike.net webgunean, eta lehenbai lehen ematea eskertuko genioke jendeari”. 50 lagun ari dira antolaketan. Aparkalekua, anoa-postua eta izena emateko gunea Zumarragako Euskadi plazan jarriko dituzte.